Bigarren disko luzea dakar Unai Etxebarriak, 'Musu bat'
2021-01-15 12:35 MusikeaFolk-rock estiloko bederatzi abestiko bildumea da.
Unai Etxebarria musikari basauriarrak zuztarretara jo dau bigarren disko hau sortzeko, eta ohiko gitarreari trikitiaren zertzeladak batu deutsaz, betidanik jo dauen tresnearenak. Musu bat, beraz, folk-rock estiloko lana da, bederatzi kantuduna, euskera hutsean egina. Etxebarriak berak egin dau konposizino guztia, eta berbak be bereak dira.
Diskoko bederatzi kantuetan danetariko gaiak topauko doguz, amodioa, ikuspegi soziala zein kritikea. Ilusinoz beterik dator lana, autorearen arabera, eta indar handia dau. Trikitixea sekula baino agirikoagoa dan arren, Etxebarriak batez be ahotsari emon nahi izan deutso pisua. Aurrerapen bideo bi be grabau eta zabaldu ditu, Musu bat letra-bideoa eta Adinekoen nahia bideoklipa.
Autoprodukzinoa da Unai Etxebarriaren bigarren diskoa, prozesu guztia berak egin dau, hasi eta amaitu: instrumentu guztiak Etxebarriak jo ditu (perkusinoetarako softwarea erabilita), ahotsa be berak jarri dau. Nahasketak, masterra eta produkzinoa bere esku egon dira. Azkenik, diseinuaz be arduratu da. Dagoeneko eskuragarri dago Musu bat, plataforma digitaletan.
Unai Etxebarria hiru urtegaz hasi zan musikea joten, eta euskal foklorea landu izan dau beti, bakarka zein Koldo Etxebarria aitagaz bikotea eginda. Ganera, hamaika urtegaz lehenengo kontzertua emon eban, eta luzaroan Atzekabe eta beste talde batzuetako kide izan eta gero, gitarreagaz bakarka bere kantuak sortzeari ekin eutsan. Horren emoitzea dira Cuentacuentos bakarkako lehenengo diskoa, eta orain dakarren Musu bat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!