Euskadiko Orkestreak denporaldiari berrekingo deutso barikuan
2021-01-14 10:58 MusikeaDonostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen hamabi kontzertu emongo ditu.
Covid-19aren pandemiak goitik behera baldintzatu dau Euskadiko Orkestrearen ohiko denporaldia, baina ez deutso kontzertuak emoteari itxi nahi, osasun arloari lotutako neurri bereziakaz bada be. Hortaz, egitarauari berrekingo deutso hurrengo egunotan, Hego Euskal Herriko lau uriburuetara helduko dan kontzertu sortearen bidez. Urtarrilaren 15ean, barikua, hasi eta 22ra arte, hamabi emonaldi programau ditue, abonu denporaldiaren barruan.
Nobedade nagusia Iruñeko Baluarteko kontzertuak izango dira, urritik Nafarroan jo ezinda egon dalako Euskadiko Orkestrea, pandemiaren ondoriozko murrizketak tarteko. Urtarrilaren 19an izango dira Iruñeko kontzertu biak, 18:00etan eta 20:15ean.
Horren aurretik, Donostiako Kursaalean hiru egunetan sei emonaldi egingo ditu Euskadiko Orkestreak: hilaren 15ean, 18an eta 21ean, 17:30ean eta 19:30ean. Bilboko Euskaldunan, ostera, zapatuan, hilak 16, izango dira kontzertu bi (17:00 eta 19:30). Azkenik, Gasteizko Principal Antzokiaren txandea 22an izango da (17:30 eta 19:30). Robert Treviño izango da zuzendaria.
Hasieran iragarritako egitarauaren aldean, kontzertuen lehenengo zatian aldaketa batzuk egin behar izan ditue, Behzod Abduraimov bakarlari gonbidatua ezin izango dalako etorri. W. A. Mozart eta Jean Sibelius konpositoreen sinfoniak joko ditue. Egun bakotxeko lehenengo saioan, Mozarten 41. sinfonia (Jupiter) eta Sibeliusen 3.a entzun ahal izango dira; bigarren saioetan, Mozarten 36.a (Linz) eta Sibeliusen 4.a.
Euskadiko Orkestrearen arabera, kontraste-ariketea izango da kontzertu bakotxa, konpositore biek tradizino sinfoniko baten hasierea eta amaierea ordezkatzen dabelako: Mozartek XVIII. mendearen bigarren erdian eta Sibeliusek XX. mendearen lehen hamarkadetan.
Argibide gehiagorako eta sarrerak erosteko, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!