Euskerearen arnasguneen garapen jasangarria jorratuko dabe urtarrilaren 23an

Bizkaie! 2021-01-14 09:20   Euskerea berbagai

Donostiako San Telmo Museoan izango da topaketea.

Kepa Sarasola, GarbiƱe Mendizabal, Paul Bilbao eta Iraitz Lazkano (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz V. jardunaldiak antolatu ditue UEMAk, Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEUk eta Kontseiluak. Urtarrilaren 23an izango da topaketea, Donostiako San Telmo museoan (online be emongo dabe), eta uri horretan bertan aurkeztu ditue egitarauaren nondik norakoak. Matrikulea egiteko epea zabalik dago, hemen.

Aurkezpenean UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta UEUko zuzendari Kepa Sarasolak hartu dabe parte.

Goizeko 08:30ean hasiko da jardunaldia, agurragaz eta dokumentazinoaren banaketeagaz. Adituen berbaldien bidez, hizkuntza txikien garapenaren inguruko hainbat jakingarri zabalduko ditue goizean, helburu garbi bat gogoan: euskerearen arnasgune diran udalerriak modu jasangarrian garatzeko metodoak bilatzea, eta horreek martxan jarteko proposamen praktikoak jorratzea. 

Irlandako Gaeltacht eremuaren (hango arnasguneak) esperientziak jorratuko ditue lehenengo, Euskal Herriko egoereari begiratuko deutse gero. Joseba Garmendiak, Nora Erdoziak eta Arritxu Zelaiak euren ikerlanak aurkeztuko ditue, eta mahai inguruan herrietako hizkuntza politikez egingo dabe berba Ea, Tolosa, Gabiria eta Baztango ordezkariek. Azken saioa, 14:30etara bitartekoa, ondorioak adosteko erabiliko dabe jardunaldiko parte-hartzaileek.

Iraitz Lazkanok, UEMAren izenean, adierazo dau aurreko edizinoetan aztertu izan dala arnasguneen garapen jasangarriaren gaia, baina proponidutakoa praktikara eroateko moduak aztertu nahi ditue oraingoan. Aitzindarien esperientziak ezagutzea garrantzitsua iruditu jaku, eta nazinoartean arlo honetan egin diran pausuak ezagutuko doguz lehenik, gurera zer ekarri geinken edo guretzat baliagarria zer izan daitekeen aztertuz.

Topaketen aurreko edizinoek agirian itxi daben alderdi bati begiratuko deutse barriro: urigintzeak hizkuntza ohituretan dauen eraginari, hain zuzen. Hori aztertzeko, zuzentzeko eta neurriak hartzeko egiten diran lanak gero eta gehiago dira, eta horreek izango doguz berbagai, dino Lazkanok. Azken batean, zergaitik eta zer egin behar dogun zehaztuta itxi ondoren, zelan egingo dogun erabagiteko jardunaldia da aurtengoa.

Kontseiluko Paul Bilbaok jardunaldiotan 2014tik hona egindako ekarpenak gogoratu ditu: Gure oinarria zan arnasguneek garrantzia berezia ebela hizkuntza normalizazino prozesuan eta ez jakela merezi eben zentralidadea emoten. Hipotesia zera zan, normalizazino prozesuan hizkuntza-politika sailetatik aparte egiten diran politikek, batez be lurralde antolaketakoek, eragin ikaragarria ebela.

Harrezkero, bide oparoa egin dala uste dau Bilbaok, hizkuntza-politiken zeharkakotasuna azaleratu dabelako. Orain, lurralde-antolaketaz berba egiteko garaian, arnasguneen garapena erdigunean jarteko eta horren araberako politikak garatzeko proposamenak lantzea jagoku.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu