Hiru emakume eta gizon bi nabarmendu dira Euskerazko Tesien VII. Koldo Mitxelena sarietan
2021-01-13 13:10 Kulturea74 tesi-egile aurkeztu dira, inoizko kopururik handiena.
Euskal Herriko Unibersidadeak eta Euskaltzaindiak, euskerazko ikerketak bultzatzeko eta sustatzeko asmoz, euskerazko tesien zazpigarren Koldo Mitxelena sariak atondu ditue. Sariak gaur emon ditue UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria zentroan, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea eta Andres Urrutia euskaltzainburua han zirala. Saridunek diplomea eta 2.000 euro gordin jaso ditue. Ondokoak dira saridunak, jakintza-arloka: Zientzien arloan, Iraultza Unzueta Solozabal; Injinerutza eta Arkitekturearen arloan, Itziar Otaegi Tena; Osasun Zientzien arloan, Lide Totorikaguena Iturriaga; Gizarte eta Lege Zientzien arloan, Miren Artetxe Sarasola; eta Artea eta Giza Zientzien arloan, Eneko Zuloaga San Román.
Mitxelena sariak emoten orain 14 urte hasi ziran euskarazko doktorego tesiak sustatzeko helburuz. Sariek, euskerazko zientzia bultzatzeaz gan, ikertzaile gazteen lana autortu eta euskereari prestigioa emoten jako, maila goreneko autortzea eginez.
Nekane Balluerka, UPV/EHUko errektorearen ustez, Koldo Mitxelena sariok dagoeneko erreferente garrantzitsu bihurtu dira euskeraz egiten dan ikerketan, beren lana euskeraz egitea erabagi daben ikertzaileen ahalegina autortzen dabelako. UPV/EHUko ikertzaile belaunaldi barriek jarraipena emoten deutse bide horri eta hareei esker esan daiteke euskerazko ikerketak osasuntsu dagozala Euskal Herriko Unibersidadean. Beraz, zoriondu egiten dodaz edizio honetako saridun guztiak. Andres Urrutia euskaltzainburuak be zoriondu egin ditu irabazleak eta euskereari egiten deutsen ekarpena oso garrantzitsua dala gaineratu dau: Euskaltzaindiaren izakera eta jardunagaz bat egiten dabe sariok, profil akademiko-zientifikoa berezkoa dauelako erakundeak sortu zan momentutik.
UPV/EHUn, euskeraz eginiko doktorego-tesien kopurua gaur egun benetan esanguratsua da: 2019/20 ikasturtean, 62 izan dira euskeraz eginiko doktorego-tesiak, orain bost ikasturte baino 25 gehiago. Nekane Balluerkaren agintaldian, euskerazko doktorego-tesien ehuneko % 6 igon eta ia % 16ra heldu da. Aurreko ideari eutsiz, zientzian, beste hainbat jakintza-arlotan bezela, kopurua eta kalidadea dira garrantzitsuak eta kalidade horren adierazgarri dira nazinoarteko kalifikazinoa lortzen daben tesiak. 2019/20 ikasturtean, euskeraz egin diran tesien erditik gora nazinoartekoak izan dira (% 52), orain bost ikasturte baino % 9 gehiago.
Mitxelena sarien VII. edizinoan, UPV/EHUn 2018ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra arteko aldian euskeraz idatzi eta defendidutako doktorego-tesiak aurkeztu ahal izan dira. Danetara, 74 tesi-egile aurkeztu dira sari honeetara, inoizko kopururik handiena:
• Zientzien arloan: 12 tesi.
• Injinerutzea eta Arkitekturearen arloan: 13 tesi.
• Osasun Zientzien arloan: 17 tesi.
• Gizarte eta Lege Zientzien arloan: 16 tesi.
• Artea eta Giza Zientzien arloan: 16 tesi.
Epaimahaikideek adierazo dabenez, aurkeztutako tesien hizkuntza-mailea bikaina izan da. Tesi-egile saridunek euskera zuzena eta egokia erabili dabe eta, horregaz batera, erabilitako terminologian eta esapideetan berebiziko ekarpena egin deutse beren jakintza-arloko euskereari.
Ondokoak dira saridunak eta tesien izenburuak:
- Zientzien arloa: Iraultza Unzueta Solozabal. Mikroegiturako akatsek Ni-oinarridun Heusler aleazinoen transformazino Martensitikoan eta propiedade magnetikoetan daben eraginaren azterketea.
- Injinerutza eta Arkitekturearen arloa: Itziar Otaegi Tena. Jatorri berriztagarriko polimeroetan eta karbono-nanokargetan oinarritutako polimero-nahaste eta nanokonpositeak.
- Osasun Zientzien arloa: Lide Totorikaguena Iturriaga. Sistema kannabinoidearen funtzinoa ugaztunen obarioen fisiologian eta obozitoen heltze-prozesuan.
- Gizarte eta Lege Zientzien arloa: Miren Artetxe Sarasola. Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak.
- Artearen eta Giza Zientzien arloa: Eneko Zuloaga San Roman. Mendebaldeko euskerearen azterketa dialektologiko-diakronikorantz.
Euskal Herriko Unibersidadea ezinbesteko erakundea da zientzia euskeraz lantzeko. Unibersidadeak euskeraz egiten dau zientzia. Unibersidadeak euskeraz zabaltzen dau zientzia. Euskal unibersidade publikoak erantzukizun hori hartu eban bere gan eta modu iraunkorrean eta erabakimenez lantzen dau.
Euskaltzaindiak hasieratik (1919) euskerearen erabilerea sustatzeko eta hizkuntzearen normalkuntzarako eginiko ahaleginaren inguruabarrean kokatzen dira sari honeek. Euskerearen Akademiak ehun urtez jardun dau zeregin bikotx horretan eta normalizazinoaren bidetik ikerkuntza-alorra be landu dau. Euskaltzaindiaren altzora batutako komunidade zientifikoaren ekarria Euskera agerkari akademiko-zientifikoak jaso izan dau 1919tik. Aurten, Akademiak erabiltzaileen esku jarri dau ekarpen garrantzitsu hori, Euskera agerkari osoa digitalizau dauelako, tartean 2.000 ikerketa-artikulu inguru. Artikulu guztiak konsultau daitekez −eta PDF formatuan eskuratu− hemen.
Koldo Mitxelena euskaltzain eta UPV/EHUko irakasleak esku-hartze handia izan eban ibilbide horretan eta haren izena eta izana gogoratzen dabe sariok. Ezin ahaztu Mitxelenak batasunaren bidean eginiko ekarpena, besteak beste, Akademiak 1968ko Arantzazuko txostena idazteko eskatu eutson), haren asmo nagusia euskerea noranahiko bihurtzea baitzan, goi-mailako ikerkuntzeari jagokonez be bai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!