Elhuyar Zientzia Azokeak ez dau hutsik egingo 2021ean
2021-01-13 12:32 Pil-pileanIzena emoteko epea zabalik dago urtarrilaren 31ra arte.
Dagoeneko martxan dago Elhuyar Zientzia Azokearen 2021eko edizinoa. Betiko legez, gazteen artean zientzia eta teknologiarako zaletasuna bultzatzea eta sormena indartzea dira helburuak, euskeraz eta adituen laguntzinoagaz. Hortaz, zientziagaz eta teknologiagaz lotutako proiektuak bialtzeko eskatu deutsie antolatzaileek 12 eta 18 urte bitarteko neska-mutilei eta hareen irakasleei.
Gazte taldeek erabagitzen daben gaiaren inguruan egingo dabe proiektua: galdetzen, ikertzen, diseinetan, eregiten eta esperientzia barriak ezagutzen jardungo dabe. Lan horren guztiaren emoitzea proiektu teknologiko bat edo ikerketa-proiektu bat izango da, eta talde bakotxak berea aurkeztu ahal izango dau Zientzia Azokearen ekitaldi nagusian, bagilean, Bilboko Plaza Barrian.
Parte-hartzaileei laguntzeko, gazteen erreferente izateko eta STEAM ezagutzak lantzeko, aditu talde zabala batu dau Elhuyarrek. Zientziaren eta teknologiaren hanbat alderditako 200 aholkulari inguruko taldea prest dago Zientzia Azokarako. Horreetatik % 55 emakumeak dira.
2021eko edizinoan parte hartu nahi dabenek, gogoan izan behar ditue hainbat hitzordu. Lehenik eta behin, izena emon behar dabe, urtarrilaren 31ra arte (hemen). Zezeilaren 1etik martiaren 8ra, ikertzaileakaz hartu-emonak izango ditue parte-hartzaileek, online, egitasmoak diseinau eta sortzeko. Ondoren, proiektua bialduko deutse antolatzaileei.
Epaimahai batek aztertuko ditu talde guztien lanak, eta bagileko azokan zeintzuk egongo diran aukeratuko dau. Bagilaren 5ean izango da ekitaldia, Plaza Barrian, eta asmoa da presentziala izatea, baina momentuan momentuko osasun-egoereak baldintzatuko dau hori. Sari ugari be egongo dira onenentzat: bidaiak, trebakuntzea, egonaldiak...
Euskerazko hezkuntzan, zientziaren eta teknologiaren arloko erreferente bihurtu da Elhuyar Zientzia Azokea, 2013an lehenengoz antolatu zanetik bide oparoa egin dau eta. Urteroko hitzorduotan, danetara, 12 eta 18 urte bitarteko 6.000 bat gaztek hartu dabe parte, eta 900 proiektu aurkeztu ditue. Horreetatik 700, Plaza Barriko azokan ezagutu ahal izan ditu publikoak.
Zientzia Azokearen ekarpen baliotsua autortzeko asmoz, STEAM Euskadi Saria emon deutso Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ekimenari, 2020ko edizinoan. STEAM Hezkuntza proiektu barritzaileen sailean irabazi dau saria, beste 132 hautagairen aurretik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!