I. STEAM Euskadi Sariketearen irabazleak

Bizkaie! 2020-11-18 12:40   Pil-pilean

Bilboko Artxandape Ikastolea sarituen artean dago.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak emon ditu, gaur goizean, Bilbon. Sari honeek STEAM hezkuntza-eredua sustatzeko jardunbiderik onenak autortzen ditue, beti be zientzia, teknologia, ingeniaritzea eta matematikako bokazino goiztiarrak –arteakaz eta humanidadeakaz lotuta- bultzatzeko helburuagaz. STEAM ingelesezko akronimoa da, Science, Technology, Engineering, Arts eta Mathematics berbakaz osotua.

Sailburuagaz batera, sari-banaketean ondorengoak izan dira: Begoña Pedrosa, Hezkuntza sailburuordea; Adolfo Morais, Unibersidade eta Ikerketa sailburuordea; Jorge Arevalo, Lanbide Heziketako sailburuordea; Leire Bilbao, Barrikuntzak Euskal Agentziaren zuzendari nagusia. Sari-banaketa ekitaldian, Bildarratz sailburuak lehen edizino honetara aurkeztu dan ekimen-kopuru handia txalotu dau (133 egitasmo danetara), eta Hezkuntza Sailak aurreko legegintzaldian abian jarritako STEAM Euskadi Estrategia bultzatzeko eta indartzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dau: Gure hezkuntza-sistema osoa hartzen dauan estrategia da, txiki-txikitatik Lanbide Heziketa eta unibersidadera arte, eskola eta institutuetatik igaro ostean, azaldu dau. Sailburuaren esanetan, STEAM Euskadi Estrategiaren helburua ikasle guztiak eduki horreetara (zientzia, teknologia, ingeniaritzea edo matematikak) hurreratzea da, horreenganako bildurra galtzea eta, azkenean horreetan eroso sentitzen badira, arlootako unibersidade-ikasketak edo Lanbide Heziketako zikloak ikastea. Informazio eta ezagutza guztia eskainiko deutsegu, ondoren erabagi ahal izateko. Ildo horretan, neskak diziplina zientifiko eta teknologiko horreetara erakarteko beharra azpimarratu dau, Hezkuntza Sailak bultzatzen dituan estrategiaren helburuen artean. Beraz, eta ez da kasualidadea, sariketa honetako bi modalidadeetan arreta berezia jartzen jako genero-ikuspegiari.

Saritutako ekimenak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Innobasque-Barrikuntzaren Euskal Agentziaren laguntzinoagaz deitzen dauan sariketa honek lau kategoria ditu, horreetako bakotxa 3.000 euroko sariagaz Sari hori STEAM izaerako jardueretara bideratu beharko da. Kategoria bakoitxeko sarituak honakoak izan dira:

  • Unibersidadeaz kanpoko ikastetxeek sustatutako ekimenik barritzaileena: Neuronak Martxan, Bilboko Artxandape Ikastolearena (Bizkaia). DBHko 3. mailako ikasleek urtenbide teknologiko bat proposatzen dabe bizitzako behar erreal baterako; prototipo bat sortzen dabe eta baita enpresa bat be. Halan, hainbat trebetasun jartzen dira praktikan: ikerketea, lankidetzea eta ekintzailetzea.

  • Gainontzeko erakundeek sustatutako ekimenik barritzaileena: Elhuyar Zientzia Azokea, Elhuyar Fundazinoarena. DBHko eta Batxilergoko ikasleek garatutako STEAM proiektuen azokea da. Zientzia eta teknologiarekin lotutako esperientziak eta aukerak eskaintzen ditu, eta ikertzaileak hezkuntza zientifikoan inplikau, emakumeei ikusgarritasuna emoteko asmoagaz.

  • Unibersidadeaz kanpoko ikastetxeek sustatutako genero-ikuspegidun ekimenik onena: Proyecto STEAM desde un punto de vista inclusivo, Gasteizko San Martin HLHIrena (Araba) 4 eta 5 urte bitarteko umeei zuzenduta, proiektu honek egoera bat konpontzea proposatzen dau, norberak egindako materialak erabiliaz eta ikerketa zientifikoaren, teknologikoaren eta adierazpen artistikoaren bidez. Guztia, ganera, inklusibidadean eta bardintasunean oinarrituta.

  • Gainontzeko erakundeek sustatutako genero-ikuspegidun ekimenik onena: Inspira STEAM, Deustuko Unibersidadearena. Ekimen honek Lehen Hezkuntzako nesken bokazino zientifiko-teknologikoak sustatzen ditu, taldeko mentoring-aren bidez, zientzia, teknologia eta barrikuntzako emakume profesionalek zuzendutako saioetan. Ikasketak aukeratzerakoan neskak baldintzatzen dituen alderdiak lantzen dira.

Hezkuntzan adituak diran zortzi profesionalek osatu dabe STEAM Euskadi Sarien epaimahaia. Epaileek beste zortzi proiektu finalisten lana be autortu dabe lehen edizino honetan aurkeztu diran 133 hautagaitzen artean. Ikastetxeek, unibersidadeek, alkarteak edo Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzako Euskal Sareko eragileek aurkeztutakoak izan dira guztiak. Honakoak izan dira finalistak:

  • Forensic Science, Gaztelueta Ikastetxea.
  • Las colillas de tabaco ni son semillas ni se esfuman, CF Somorrostro.
  • Ortu ekologiko zientifikoa, Kurtzebarri Eskola.
  • AutoEZTIMA, Berrio-Otxoa Ikastetxea.
  • Haritu, Suspergintza Alkartea.
  • Feria de app para educación, UPV/EHU.
  • ElkarMaker, Ikastolen Alkartea.
  • Una mano STEAM solidaria, Don Bosco LHII.


STEAM Euskadi zigilua

Sariketara aurkeztu diran 133 hautagaitzen artean, 94k (% 72) STEAM Euskadi zigilua eskuratu dabe. Bereizgarri horrek STEAM izaera nabarmena daben hezkuntza-ekimenak autortzen ditu, hau da, bokazino zientifikoak eta STEM asmo profesionalak sustatzea eta ikasleen STEAM gaikuntza hobetzea helburu daben ekimenak dira. Ekimen horreek guztiak STEAM Euskadi Estrategiaren webgunean jasoko dira, inspirazino-iturri izango diran STEAM hezkuntza-ekimen lez. STEAM Euskadi Sariak ikusgarritasuna emoten deutse euskal ikasleen gaitasun zientifiko-teknologikoa hobetzen daben ekimenei. Ekimen honeek lortutako inpaktua, barrikuntza-mailea eta diziplina horreetara ikasleak erakarteko gaitasuna hartzen ditu kontuan sariketeak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen daben STEAM Euskadi Estrategiaren parte dira, Euskadiren garapen ekonomiko eta soziala ziurtatzeko elementu modura.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu