Bilboko Gaylesbitrans 18. Nazinoarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak badauka kartela

Bizkaie! 2021-01-13 10:51   Zinemea

Helena Goñi argazkilaria da kartelean agertzen dan irudiaren egilea.



Martiaren 1etik 14ra, modu presentzialean eta birtualean egingo da Zinegoak. Aurtengo kartela aurkeztu dau gaur Zinegoak jaialdiak eta Helena Goñi argazkilaria da kartelean agertzen dan irudiaren egilea. Pau Guillen zuzendariak nabarmendu dauenez, Helena Goñiren irudian ikusi daiteke belaunaldi barriek naturaltasunez bizi dabela euren genero-identidadea. Guillenen berbetan,
gero eta ohikoagoa da persona ez binario, genero neutro edo mugarik bako genero lako kontzeptuak entzutea. Ez da beharrezkoa kontzeptu guzti-guztiak ezagutzea, baina bai behintzat jakitea genero-identidadearen mugak zabaldu eta aukera guztiak baliogarriak dirala.

Irudian agertzen diran protagonistek ulea berdez tintauta dabe, intensidade-maila ezbardinetan. Helena Goñik azpimarratu dauenez, keinu horren bidez identidade kolektibo bat sortzea izan da nire helburua eta gero bakotxak gura dauen moduan kolorea bere neurrira egokitzea. Goñik adierazo dau bere asmoa ez
dala izan generoaren inguruko hausnarketarik bultzatzea, gaia modu naturalean agertu zala. Zinegoakeko kartel ofizialean agertzeko aukereari buruz galdetzean, esate baterako, argi geratu da aniztasun hori euren errealidadearen parte dala.

Aniztasun horren isladea gakoa izan da irudia aukeratzeko orduan. Guillenek azaldu dauenez, azken urteetan lan handia egin da sexu-aniztasunaren aldeko sensibilizazinoan eta hezkuntzan eta horrek eragina izan dau gure gizartean eta belaunaldi barrietan. Aurtengo Zinegoakeko kartelak be hori islatu
gura izan dau, izan be, kontzeptu hori abiapuntutzat hartuta, genero- identidadearen aniztasuna, norberak bere identidadea jorratu eta bere beharrizanetara egokitzen dau.

Aurrez aurre eta modu birtualean Osasun-neurrietara egokituko bada be, Zinegoakeko 18. edizinoak ez dau bere nortasuna galduko eta aste biko programazinoari eutsiko deutso. Aurrez aurreko jarduerez gan, programazino birtuala be eskainiko da Filmin plataformearen bidez.

Gure hasierako nahia izan da jaialdia aurrez aurre antolatzea eta asmo horri eutsiko deutsagu nabarmendu dau Zinegoakeko zuzendari Pau Guillenek. Zinegoaken indarra bere publikoa da, aretoetara hurreratzen dan jentea, baina badakigu aurreikuspenagaz jokatu behar dogula eta egoerea kontuan hartu eta ahalegina egin behar dogula jaialdia etxeetaraino be eroateko. Helburu horri eutsiz, aurten Zinegoakek Filminegaz lankidetzan ibiliko da eta Zinegoakeko sailak plataforma honetan ikusi ahal izango dira.

Lekeitio, Zinegoak 2021eko egoitza ofiziala

Zinegoakek be esfortzu berezia egingo dau jaialdiko lanak publikoarengana hurreratzeko. Hori dala eta, lehenengo aldiz, Zinegoakek egoitza ofiziala izango dau Bilbotik kanpo. Bizkaiko uriburuan eta Lekeition be jaialdiko proiekzinoak eskainiko dira, Zinegoak eta Zinema Bilerearen arteko lankidetzeari
esker. Horrezaz gan, martiaren 14tik aurrera, normala dan legez, Zinegoakeko zabalkundea hasiko da, Euskal Herriko hainbat herritan.

Jaialdiaren antolakuntza buru-belarri dabil 2021. urteko edizinoa segurua eta erakargarria izan daiten eta zezeilaren erdialdean aurkeztuko ditu programazinoaren zehaztasun guztiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu