Bilboren XIX. mendeko eraldaketea pinturearen bidez erakutsiko dau Guggenheimek
2021-01-12 09:37 KultureaUrtarrilaren 29tik abuztuaren 29ra ikusi ahal izango da erakusketea.
Eraldaketa eta zabalkunde handiko sasoia izan zan XIX. mendearen amaierea Bilbon eta Itsasadarrean, alderdi askotatik begiratuta: industria barriak paisaje barriak ekarri zituan, eta horrek uritarren izakeran eragin eban. Guggenheim Museoak hurrengo hileetan martxan izango dauen Bilbo eta pintura erakusketeak euskal artisten begietatik agertuko dau aldaketa hori, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen lehenengo erdiko pinturen bidez.
Iberdrolaren babespean datorren erakusketan, Euskal Herriko artista entzutetsuenetako batzuen obrak batu ditue: Adolfo Guiard, Ignacio Zuloaga, Anselmo Guinea, José Arrue, Ramón Zubiaurre, Francisco Iturrino, Aurelio Arteta... Urtarrilaren 29an zabalduko dabe, eta abuztuaren 29ra arte ikusi ahal izango da. Kosme de Barañano da komisarioa.
Bilbon eta inguruetan egin eben lan erakusketako artistek, baina nazinoarteko jokera barrienakaz lotura estua euken. Asko Parisen ibilita egozan, inpresionismoaren eta abangoardien sasoi betean. Uri oparoa zan Bilbo XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, industriak emondako bultzadeari esker. Orduko bilbotarren aurrera egiteko nahia eta praktikotasuna erakusten ahalegindu da Kosme de Barañano komisarioa.
Horma-irudi piktoriko handien bidez, Bilboren historiako momentuak kontzeptualizetan ditu erakusketeak. Askotariko eszenak agiri dira: Itsasontziak, moilak, burgesen zein baserritarren bizimodua, terrazak, kirolak, erromeriak eta abar.
Lehenengo aretoan, XIX. mendearen paisaje ekonomiko, sozial eta urbano barria erakusten daben koadroak dagoz, gehienbat burgesia ilustradu barriaren gustuak asetzeko eginak. Bigarren aretoan, itsasoko eta mendiko irudiak ikusi leitekez; alkarregandik hur egon arren, kolore-kode desbardinak erabilten ditue artistek bata eta bestea agertzeko. Hirugarren aretoan, folkloreari emon deutse garrantzia, erromeria, ospakizun eta jantzen irudikapenen bidez.
Jarduera osogarrien artean, lehenengoa urtarrilaren 27an egingo dabe, erakusketea bera zabaldu baino lehen. Kosme de Barañanok erakusketearen gakoak jorratuko ditu. Hausnarketa partekatuak, ostera, Petra Joosek (zezeilaren 10ean) eta Luz Maguregik (zezeilaren 17an) gidatuko ditue. Martiaren 4an, Matxalen Krug diseinatzailearen eskutik, bitxiak sortzeko tailerra egingo dabe, Francisco Durrioren obran oinarrituta.
Era berean, museotik urten eta urian zehar ibilbide artistiko bi egitea aurreikusi dau Guggenheimek. Ricardo Bastidaren eta Aurelio Artetaren Bilbo ezagutzeko aukerea emongo dau jarduera horrek, Borja Vildosola arkitektoa gidari dala. Apirilaren 17an eta maiatzaren 1ean izango dira bisitaldiak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!