Zinemea eta zientzia bat eginik, hamar pelikularen bidez

Bizkaie! 2021-01-07 12:42   Zinemea

Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Eder Museoan izango dira proiekzinoak.

Donostian aurkeztu dabe zikloa (argazkia: Euskadiko Filmategia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek eta Donostiako Zinemaldiak Zinemea eta Zientzia izeneko zikloaren edizino barria antolatu dabe, kultura zinematografikoa zein zientifikoa gizarteratzeko asmoz. Urteko lehenengo hiruhilekoan, Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Eder Museoan hamar film luze proiektauko ditue, zientzialariek aurkeztutako barriketaldi eta guzti. Donibane Lohizuneko Le Select zinema-aretoan be egingo ditue saio batzuk. 

Zikloa aurkezteko agerraldian egon dira erakunde antolatzaileetako ordezkariak: Edurne Ormazabal (Tabakalera), Joxean Fernandez (Euskadiko Filmategia), Ricardo Diez Muiño (DIPC), Jose Luis Rebordinos (Zinemaldia) eta Miguel Zugaza (Arte Eder Museoa). Zikloak zientzia eremu estimulatzaileakaz loturea egingo dau zinemearen bidez, Joxean Fernandezen arabera. 

Film klasikoak eta gaur egungoak tartekatu ditue Zinemea eta Zientzia zikloaren edizino honetan. Esate baterako, lehenengo saioan The Man Who Knew Infinity pelikulea ikusi ahal izango da, Srinivasa Ramanujan matematikari indiarraren inguruko istorioa. Pedro Miguel Etxenike fisikari nafarrak aurkeztuko dau filma. Tabakaleran izango da, hilaren 8an, eta Bilbon, 9an. 

Nicholas Ray, Ingmar Bergman, Dalton Trumbo eta Arthur Penn zuzendari klasikoen lanak be badagoz programazinoan. Frau in Mond filmaren kasua be aitagarria da: Fritz Langek zuzendutako lana mutua da, baina Javier Perez de Azpeitia pianojoleak zuzenean jarriko deutso musikea. 

Ezinbestean, Covid-19aren pandemiari be keinuak egingo deutsez edizino honetan, zinemeak eta zientziak badabelako zeresana gai horretan. The Andromeda Strain eta Contagion filmen bidez landuko dabe gaur egun bizi dogun egoerea. Hain zuzen be, Zinemea eta Zientzia zikloa inoz baino beharrezkoagoa dala adierazo dabe antolatzaileek, kultura zientifikoa beharrezkoa dalako pandemiaren sasoiotan. 

Aurtengo proiekzinoetan parte hartuko daben zientzialariak honeek dira: Aitzol Garcia Etxarri (fisikea), Ane Sarasola (fisikea), Fernando Cossío (kimikea), Idoia Mujika (kimikea), Ignacio Arganda-Carreras (informatikea), Itziar Pérez Irazusta (medikuntzea), Javier Aizpurua (fisikea), Juan Ignacio Pérez Iglesias (biologia), Juan José García Cárdenas (fisikea), Maia García Vergniory (fisikea), María Muñoz Caffarel (biokimikea), Olatz Arbelaitz Gallego (informatikea), Xurxo Mariño (neurofisiologia) eta lehen aitatutako Pedro Miguel Etxenike. 

Bilboko eta Donostiako hamarna saioko programa arruntaz aparte, beste saio batzuk be badakarz zikloak. Ikasleentzako saio bereziak egingo dira Donostian (zezeilaren 9an eta martiaren 9an) eta Bilbon (zezeilaren 16an eta martiaren 16an). Donibane Lohizunen Contagion, The Imitation Game eta Radioactive filmak emongo ditue. 

Egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu