Bilboko Udal Txistulari Bandeak 'Arineketan' kontzertuagaz ekingo deutso urte barriari
2021-01-05 10:56 MusikeaJagoba Astiazaran txistulariaren eta Iñar Sastre pianistearen proiektu bateratua da
Bilboko Udal Txistulari Bandeak hurrengo eguenean, urtarrilaren 7an ekingo deutso kontzertu denporaldiari. Euskal Museoan ibili ostean Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcíak osotutako taldea Euskalduna Jauregira bueltauko da.
Urteko lehen musika hitzordu honetarako, bandeak kontzertu berezia programau dau: Arineketan izenburukoa, Jagoba Astiazaran txistulariaren eta Iñar Sastre pianistearen proiektu bateratua. Tradizinoa barritzeko asmoz, jantza tradizionala hartzen dabe abiapuntu, fandangoan, arin-arinean, zortzikoan eta beste melodia tradizional batzuetan oinarritutako abestiak batuz eta melodiak eguneratuz, sorkuntza garaikideakaz buztartzen dituen beste batzuk sortuz. Ikuskizunean Bilboko udal txistulari Bandeaz gan, Leire Bellosok, Anne Jauregik eta Jon Arsuagak be parte hartuko dabe.
Holan, kontzertuan honako obrak entzungo dira, besteak beste, Agurraz olgetan (I. Sastre / J. Astiazaran), Uzturre (I. Sastre), Belauntxingoa (Ezezaguna / Mold. J. Astiazaran), Kale edo bale (I. Sastre), Altza Porru (J. Ortega), Alurr (J. Ortega), Umeak lotaratzeko soinua (Ezezaguna / Mold. J. Astiazaran), Izar ederra (Ezezaguna / I. Sastre), Ezpata jantzea (Ezezaguna / Mold. J. Astiazaran), Zorpekoa (J. Astiazaran), Banintz (J. Astiazaran), Ez baita jantza (J. Astiazaran) eta Latinarin (I. Sastre).
Kontuak kontu, hitzordua Euskalduna Jauregiko 0D Aretoan izango da, arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak zenbakituak dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan (2 euro), www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira.
Egueneko kontzertuaren ondoren, Txistulari Bandea datorren urtarrilaren 27an bueltauko da eszenatokira, Euskalduna Jauregian eskainiko dauen musika eta jantza ikuskizun bategaz: Esku burdinak, Oinkari Jantza taldearen eskutik.
Arineketan
Iñar Sastre (pianistea) eta Jagoba Astiazaran (txistua), Leire Belloso, Anne Jauregi, Jon Arsuaga eta Bilboko Udal Txistulari Bandea.
Jantzarako doinu barrien bildumatxoa proponidu dabe Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastre musikariek Arineketan diskoan Iztuetaren doinuetatik abiatuta txistu eta piano doinuak buztartuz.
Arineketan Iñar Sastre (pianistea) eta Jagoba Astiazaran (txistua) musikarien proiektu bateratua da. Aspaldiko adiskidetasuna dau oinarri eta alkarregaz sortu eta musikea egiteko beharrari erantzuten deutso. Laguntasun horri esker dator argitaratu barri daben izen bereko musika lana. J.I. Iztueta folklore biltzailearen 250. urteurrena eta haren Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia liburua hartu ditue abiapuntu. Harek jasotako doinu eta berbek bidea edegi eta euskal doinu eta erritmoak oinarri dituen sorkuntza propioak gehitu deutsee.
Lan historizistea baino gehiago, gaur egun Iztuetaren lanari esangura barri bat emon gura izan eutsen, doinuakaz olgau, sortu... eta berrehun urte baino gehiago igaro badira be, Iztuetak jasotako doinuek badabela esentzia begitandu jake. Jantzariei hain ezagun jaken Belauntxingo doinuaren letrak dakarren moduan: ia lurperatuta egon arren oraindino plazara jantzan urten gura daben doinuak dira.
Hortik aurrerakoa? Olgetea, bromea eta dibersinoa. Txistu eta Pianoaren arteko alkar-hartzea, eta igesa. Bide batez, euskal folkloreko doinu zahar askori hautsak kendu eta gaur egungo jantza taldeei material barria eskura itxi.
Haatik jantza konpainia izango dabe lagun, gaiak holan eskatuta, entzulegoari lanaren alde bisuala gehituz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!