Luis Otamendi bertsolaria hil da

Bizkaie! 2021-01-04 10:16   Bertsolaritzea

Txapelketa Nagusian eta Gipuzkoakoan kantau eban 1980ko eta 1990eko hamarkadetan.

Luis Otamendi (argazkia: Euskal Herriko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aiako Indargarate baserrian jaio zan Luis Otamendi Berasategi, eta hango giroan bertsozaletu zan, ingurukoakaz kantuan eta Basarriri entzunda. Baserri inguruko jardunetik plazara egin eban salto, 1972an, Nikolas Zendoiaren bultzadaz, eta laster txapelketetan parte hartzen hasi zan. Zarautzen hil da Otamendi, 73 urtegaz, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak iragarri dauenez.

Txapelketa Nagusian ibili zan Luis Otamendi, 1980ko hamarkadan. 1982ko, 1986ko eta 1989ko edizinoetan hartu eban parte, eta azken horretan finalaurrekoetara heldu zan. 1991n, urte askoren ostean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketea berreskuratu zanean, kanporaketetan kantau eban, baita 1995ean be.

1999an, taldeka egin zan Gipuzkoako txapelketea, eta Otamendi Aiako taldean ibili zan. Arrakasta ikaragarria euki eban edizino harek, 24 herri eta auzotako taldeek emon eben izena, 101 bertsolarik. Zarauzko Kopla Txapelketan be kantautakoa zan, eta plazarik plaza be sarri entzun ziran haren bertsoak. Gaztetan, 1972ko Osinalde saria irabazi eban.

Eskola zaharreko bertsolarien azken belaunaldiko kidea zan Otamendi. Bertso eskola edo trebakuntza akademiko barik, lagun giroan kantetea izan zan haren eskolea. Aiako Urdaneta auzoan eta etxean baegoan bertsotarako zaletasuna, eta handik edan eban Otamendik. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu