Darabilbo, 2021erako prest

Bizkaie! 2021-01-04 08:35   Euskerea berbagai

Urtarrilean hamar jarduera dakarz euskerazko aisialdia bultzatzen dauen programeak.

Urte aldaketeak ez dau etenik ekarri Bilboko Udalaren Darabilbo programan. Urtarrilaren 7an ekingo deutse 2021eko egitarauari, betiko indar eta gogoagaz, bilbotar guztiei euskerazko eta dobako aisialdiko aukerak emoteko asmoz. Dana dala, Covid-19agaitik, segurtasun eta osasun neurri bereziak hartuko dira saio guztietan, eta, egoereak txarrera egin ezkero, aldaketak be egon leitekez programazinoan.

Urtarrilean hamar jarduera egongo dira, artisautzea, gastronomia, tailerrak eta bisita gidatuak ardatz. Kakorratz tailerraren bigarren saioa hartuko dau Santutxuko AEK euskaltegiak hilaren 7an, eta pasta agroekologiko eta artesanala egiten ikasiko dabe 14an eta 15ean, Zorrotza eta Matxintxu euskaltegietan, hurranez hurran. Ondare Aretora bisitaldia egongo da 16an, Juan Manuel Lumbreras galeriaren 25. urteurreneko erakusketea ikusteko.

Indautxu auzoko Lord Cupcake establezimenduak Darabilbo programako tailer bi hartuko ditu: urtarrilaren 18an, sagar-tartea egiten ikastekoa; eta 25ean, kanela-opilena. Iker Hernandez Vitoresek gidatuko ditu saio biak. Agustin Ibarrola, naturalki erakusketea Rekalde Aretoan ikusteko bisita gidatu bi be badagoz programan, 23an eta 26an. 

Urtarrila biribiltzeko, garagardo baltzen jaia ospatuko dabe 29an, Harategi Zahar kaleko La Catedral de la Cerveza gunean. 30ean, Ondare Aretora egingo dabe bisitaldia barriro.

Darabilboko arduradunek gogora ekarri dabenez, webgunean izena emotea nahikoa da jardueretan parte hartzeko, doban. 16 urtetik gorakoentzat da, familientzako saioetan izan ezik. Herritarren inplikazinoa bilatzen dau Darabilbok, egitarauaren diseinutik bertatik hasita. Izan be, gustuko jardueren proposamenak egin leitekez.

Helburu garbia dauka Darabilbok, aisialdian euskerearen erabilerea sustatzea, hizkuntzea ikasten dabizanen zein euskeraz bizi gura dabenen artean. 2013an jarri eban martxan Bilboko Udalak, uriko euskaltegiakaz alkarlanean, eta harrezkero askotariko jarduerak sartu ditue, danak taldeka egitekoak. Urte osoan (garagarril eta abuztuan izan ezik) eta Bilboko barruti guztietan antolatzen ditue saioak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu