German Rubio: 'Emakumeen indarra erakutsi gura izan dogu'

Koldo Isusi Zuazo 2021-01-04 08:10   Barriketan

Eten Barik Joten - Patriarkatua zulatuz - Una brecha en el patriarcado dokumentala, euskal musikan eta gizartean, emakumearen zeregina erakusten dauena, Aingeru Berguices-en jatorrizko idea batean oinarritutakoa. Dokumentalaren produkzinoa EITBren babesari esker egin da, Bizkaiko Foru Aldundiari, Laboral Kutxari eta Orona Fundazinoari esker. Germán Rubio eta Marcell Erdélyi dira dokumentalaren zuzendariak eta Bilbon egoitzea dauen Panarama Studio-k zuzendu eta produzidu dau.


1.- Eten Barik Joten, Aingeru Berguices-en jatorrizko idea batean oinarritutako dokumentala... Pandero-joleak beti dira emakumeak?

Badagoz gizonezko pandero-joleak be eta bikainak, burura jatort Kepa Arrizabalaga gatikarra. Baina egia da emakumea buztartu izan dogula pandero-jole zereginagaz eta rol publiko horri esker emakumeak zeozelako indarra hartzen eban.

2.- Lehengo eta gaurko emakume pandero-joleei buruzko dokumentala da. Euskal folklorea ala zeozer gehiago erakutsi gura izan dozue dokumentalean?

Euskal folklorea bada euskal kultureagaz sano lotutako musika tresnea nabarmentzen dogulako baina sasoi bateko emakumeen indarra erakutsi gura izan dogu; berbarako, Maurizia Aldaiturriaga eredu izan da gizonezkoen munduan eta holako adibideak ugari doguz.

3.- Josune Arakistain eta Uxue Amonarriz Huntzako partaideak, Kris Solano eta Maixa Lizarribar trikitilari eta pandero-joleak, Maider Mendizabal eta Patri Espinar kirolariak eta Uxue Alberdi, Oihana Bartra eta Onintza Enbeita bertsolariak agertzen dira dokumentalean. Zein izan da arlo horreek jorratzeko helburua?

Mundu honetan, emakumeen presentzia nabarmendu eta ikusgarritasuna emotea izan dira helburuak. Euskal musika, kirol eta folklorearen munduetan, gizonezkoak genduzan eredu baina gauzak aldatzen doaz eta gaur egun emakume asko dabiz trikitixea zein panderoa joten, kiroletan, pelotan, arraunean, liburuak idazten zein bertsoak kantetan. Aitatu dozuzan emakume horreek adibide onena dira mundua aldatzen dagoala erakusteko.

4.- Dokumentalean, Edurtzeta Ania eta Rakel Pujana pandero-jole ospetsuek euskal musika tradizionalaren mito bategaz agertzen dira, honezkero 94 urte dituan Nati Bilbaogaz, hain zuzen be. Ze ekarpen egingo deuskue?

Nati Bilbaok ez dau sekula erraztasunik izan musikearen munduan burua erakusteko, burrukalaria da, pasino handia erakusten dau beti eta Edurtzeta Ania eta Rakel Pujana pandero-joleakaz agertzea bizigarria izan da durangarrarentzat.

5.- Feminismotik idaztea zer dan azaldu dau dokumentalean Itxaro Bordak. Idazlearen idea bat nabarmendu beharko bazeunke, zein izango litzateke?

Oso gatxa da Itxarok transmitiduten dauena idea bakarrean laburbatzea baina gogorra da emakume izateagaitik gizonezko batek baino ahalegin edo burruka gehiago egin behar izatea.

6.- Euskal zinemagintzan badagoz emakumeak eta lan bikaina egiten dabizenak. Bazan ordua?

Duda barik. Izen asko aitatu geinkez baina bateren batzuk nabarmentzearren Lara Izagirre azpimarratuko deutsut, Un otoño sin Berlin eta Nora filmek erantzun bikaina izan dabe eta gehiago be etorriko dira. Dardara, Marina Lameirorena zein Iratxe Fresneda be ez daiguzan ahaztu.

7.- Gidoia Ivan Batty eta Marian Gerrikabeitiak egin dabe. Esperientzia handikoak biak: Gidoilaria eta El Juevesen idazten dauena Batty eta irratian ibilitakoa urteetan eta zuzendaritzan zein gidoigintzan dabilena Gerrikabeitia...

Bai. Oso ondo konpondu dira, lan handia egin dabe. Filmaketa lanak hasi baino lehen, Ivanek buelta batzuk emon eutsozan dokumentalaren edukiari; transmitidu gura genduanaren gaineko ikuspegi integrala gura eban eta bikain transmitidu deutso hori guztia Marian Porcel alkarrizketatzaileari; Porcel alkarrizketa
guztietan izan da eta lan bikaina egin dabe.

Edukiaren gorabehera guztiak zehaztu ondoren, Marian Gerrikabeitiak be upealako lana egin dau edizinoan eta arlo musikalean, beti be emakumea ahaldunduteko konpromisoari eutsiz.

8.- Grabazino eta filmazino lanak non egin dozuez?

Urtebete eta erdiko prozesua izan da eta Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Iparralden egin doguz filmazino lanak, berbarako Bilboko Iberdrola Torrean filmau genduan kartelean agertzen dana eta Itxaro Borda idazleagaz Baionan ibili ginan...


9.- Dokumentala oraintsu estreinau zenduen baina segurutik izango da aukerea ikusteko...

Bai. Jaialdietan aurkeztea eta, ahal dan neurrian, online ipintea da asmoa baina onena dokumentalaren webgunean begiratzea da.

10.- Bihar etzirako zer erronka darabizu buruan bueltaka?

Dokumental hau egin dogunok baditugu idea batzuk baina oraingoz ezin dogu ezer aurreratu; emakumearen ahaldundutzea ardatz hartuta zeozertxu egingo dogu segurutik baina goizegi da zehetasunak emoteko.


©Txemari Ortiz de Luna

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu