Marta Cárdenasek jasoko dau Xabier Sáenz de Gorbea Saria

Bizkaie! 2020-12-29 13:17   Kulturea

Dedikazino artistikoari egindako autortzea da. 

Marta Cárdenas (argazkiak: Bilboko Arte Eder Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lehenengo aldiz emon dabe Xabier Sáenz de Gorbea zanaren izena daroan saria, eta epaimahaiak Marta Cárdenas margolari donostiarra saritzea erabagi dau, Euskal Herriko arte bisualei egin deutsen ekarpen erabagigarria autortzeko asmoz. 

Xabier Sáenz de Gorbearen (Getxo, 1951-2015) dokumentu-funtsa Bilboko Arte Eder Museoari dohaintzan emon eutsan haren bikotekide Sonia Ruedak, bolumen eta kalidade handiko bildumea. Ganera, ondare horri jarraipena emoteko eta artearen ikerketea eta zabalkundea bultzatzeko, Sáenz de Gorbearen izena daroan saria sortzea adostu dabe museoak eta Sonia Ruedak, dedikazino artistikoa autortzeko. 10.000 euroko saria da, eta Marta Cárdenas izan da lehenengo irabazlea. 

Epaimahaian honeek egon dira: Sonia Rueda; Miguel Zugaza Arte Eder Museoko zuzendaria; Beatriz Herráez Artium Museoko zuzendaria; eta Francisco Javier López Landaetxe Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendari ohia.

Marta Cárdenasen ibilbide aberatsa, 1960ko hamarkadearen amaieran hasitakoa, bere belaunaldiko sendoenetakoa eta berezienetako bat da, adierazo dabe epaimahaikideek. Bere lanari esker, lortu dau pinturearen esperimentazino-eremua modu parebakoan zabaltzea, eta errepresentazinorako espazio propio bat, txandaka errealidadearen eta abstrakzinoaren artean doana.

Vicente Ameztoy, Andrés Nagel, Ramón Zuriarrain, José Luis Goenaga eta beste askoren belaunaldiko kidea da Marta Cárdenas (Donostia, 1944). Pop anglosaxoiagaz eta figurazino barriagaz lotutako ikuspegi barritzailea ekarri eben euskal artera. Ganera, Mari Puri Herrerogaz batera, profesional izatea lortu eban euskal artista bakarrenetako bat izan zan Cárdenas urte hareetan. 1960ko hamarkadearen amaieran ezagun egin zan arren, 1950eko urteetatik sortzen ibili zan donostiarra. 

Gipuzkoako Arte Alkartean eta Madrilen ikasi eta gero, Parisera joan zan, eta orduan hasi zan sariak irabazten eta erakusketa entzutetsuak antolatzen. 1975ean Kanadako uriburu Ottawara joan zan. Hasierako urteetako figurazino zehatza alboratuta, 1980aren bueltan kalean marrazteari eta saio bakarreko pinturei ekin eutsen. Denporeagaz, osogai konpositiboak gitxitzen joan zan, leuntasun tonalen eta dotoretasun kromatikoaren mesedetan. 

Japoniara egindako bidaia bati esker, Ekialde Urruneko kaligrafiaren arrastoak agertzen hasi ziran Cárdenasen obran 1990 inguruan. Handik bost urtera, erakusketa antologiko handia antolatu eban Bilboko Arte Eder Museoan, katalogo arrazoitu eta guzti. Errealidade bisualetik harago, kolorea askatasun osoz erabilten hasi zan, 1996an Indiara egindako bidaia baten eraginez. 2014an, papel ganeko marrazkien bilduma bat emon eutsan dohaintzan Cárdenasek Arte Eder Museoari. 2016an, haren obrearen erakusketa antologikoa antolatu eben Donostian.

Epaimahaiko lau kideak, museoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu