'Gernikako Arbolea' landuta daukan adar bat jaso dabe dohaintzan
2020-12-29 10:28 KultureaJuan Antonio Alaña Ulibarri artisauak 2007an eskuz egindako musika-tresnea da.
Juan Antonio Alaña Ulibarrik 2007an berak eskuz egin eban adar bat emon deutso Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeari. Adarrak hainbat taila ditu, horreen artean Gernikako Arbolea daukan haretx hosto bat eta Jose Maria Iparragirreren Gernikako Arbolea-ren berbak. Batzarretako Mahaiak dohaintzea onartu eta Ana Otadui Biteri lehendakariak hartu dau piezea, Gernikako Batzar Etxean erakusteko, egileak gura eban moduan.
Jose Antonio Alaña Ulibarri eta bere adarra Deiadar Mendien Eguneko edizino gehienetako protagonista izan dira 2004an martxan jarri zanetik. Aiarako artisaua izan zan Gernikako Arbolearen ondoan, urriaren 2an, Batzarretarako egin zan deiaren protagonistea. Tradizinoaren arabera, bost mende geroago bost deiadar entzun ziran Batzarretako egoitzan, pandemia dala eta aurten egin ezin izan dan mendiko martxa klasikoaren ordez.
Alaña oso ezaguna da adarrak lantzeko eta grabetako dauan zaletasunagaitik eta, azken urteetan, baita adarrak joten ditualako be. Aidezko musika-tresna horretan espezializau da. Bere baserrian, berak landu eta serigrafiau dituan berrehun adar baino gehiagoko bilduma handia dauka.
Batzar Nagusien bileren aurretik deiadarrak joteko tradizinoaren jatorria eta mendeetan zehar izan dauen bilakaerea, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterrio Museoak Antonio de Trueba (1819-1889). Bizkaiko Kronistea erakusketearen inguruan egin daben azkenengo argitalpenean jasoten da. Erakusketa hori maiatzaren 2ra arte dago Enkarterri Museoan. Galdameseko egile eta kronistea bera izan zan Batzarretako saioetarako dei hori gaur egun bost deiadar mendi moduan ezagutzen diran tontorretara eroan ebana: Gorbeiara, Ganekogortara, Oizera, Sollubera eta Kolitzara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!