Amaitu da Iparragirreren gitarrea barriztetako prozesua

Bizkaie! 2020-12-28 12:40   Musikea

Barriztautako gitarrea gaur aurkeztu dau Ana Otadui Biterik.



Jose Maria Iparragirre (1820-1881) euskal bardo unibersalena jaio zaneko 200. urteurrenagaz bat etorrita, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak Gernikako Arbola abestiaren berben egilearen gitarrea barriztetea erabagi eban. Orain denpora gitxi amaitu eta musika-tresnearen jatorrizko ezaugarriak errespetau dituan konponketa prozesu zorrotzaren ostean, barriro be ohiko lekuan egongo da, kristalezko kutxa baten barruan, Gernikako Batzarretxeko Beirategiaren Aretoan.

Barriztautako gitarrea gaur aurkeztu dau Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak Gernikako Arbolearen ondoan; beragaz egon dira Lorea Bilbao Ibarra Kulturako foru diputadua, Jon Luqui Albisua Urretxuko alkatea eta Laura Vicario Galarza, haretxaren ondoan barriro entzun dan egurrezko musika-tresna zaharra barrizteteaz arduratu dan luthierra. Iparragirreren papelean sartutako antzezle batek eta Silvia Gutiérrez gitarra-joleak Gernikako Arbola kanta ezaguna interpretau dabe barriro.

Barriztetako beharra Laura Vicario luthier bilbotarrak egin dau, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eskatuta. Ana Otaduik, Bizkaiko Batzarretako egoitza historikora heldu arte gitarreak egin eban ibilbidea azaldu dau. Euskal bardoa Urretxun, jaioterrian, hil ostean, azkenengo momentuak Iparragirregaz pasau zituan Zumarragako Castañeda jaunak hartu eban gitarrea legadu moduan. Horren ostean, Zubiria jaunaren esku itxi eban usufruktuan eta harek, hil zanean, Pedro de Egaña jaunaren esku itxi eban, eta azken horrek Bizkaiko Aldundiari emon eutsan, Gernikako Arbola zortzikoa sortu ebanetik Iparragirregaz apurtuezinezko loturea eban haretxa egoan lekuan gordetako. Otaduik esan dauenez, gaur egun, kanta hori, gure eskubide historikoen, euskal askatasunen eta bakea lortzeko gogoaren sinboloa da. Ganera, oso ideologia desbardinetako personak hunkitzeko gaitasuna dauan kantua da.

Harizko musika-tresnak barriztetako orduan espezialista horrek kontu berezia izan dau Iparragirreren gitarreari distirea atarateko orduan, izan be, denporea eta koleoptero espezie batzuk (karkomak) dirala eta kaltetuta egoan XVIII. gizaldiko egurragaz egindako musika tresnea. Gitarrea orain egoera ezin hobean dago, hariak finduta eta bestelako nobedade batzuekaz.

Musika-tresnak, Progreso Argentino gitarra lantegiko Salvador Ramírez Andaluziako gitarra-egilearen sinadurea dauka barruan. Haren bizitzearen parte handia Buenos Airesen bizi izan zan eta Gipuzkoako bardoa be bertara joan zan erbestera, XVIII. gizaldiaren erdialdean. Halanda be, Iparragirreren lan ezagunena, Gernikako Arbola, 1853an Madrilera bueltau ostean idatzi eta interpretau eban.

Barriztau aurretik, Laura Vicariok bere lana egiteko emon beharreko pausuak azaldu zituan Gernikan egindako jardunaldi batean. Gitarrea garbitu egin da kanpotik eta barrutik eta horren ostean konpondu egin da, gitarrea egin zan sasoian erabilten ziran kola naturalak erabiliz. Ezpurutasunak, arrastoak eta arrakalak kendu ostean, gitarrea bertan egindako erretxina naturalakaz bernizatu da. Barriztetako prozesuan, musika-tresnak karkomearen aurreko tratamentua jaso dau eta gitarrak zituan sei harien ordez XIX. gizaldiko musika-tresnetarako beste batzuk jarri jakoz; nota altuetako hariak tripazkoak eta lauak eta nota bajuetako hariak sedazkoak, zidarragaz txapautako kobrean entortxauta.

Momentuz, urte luzez Urretxuko bardoagaz batera bidaiatu eban egurrezko musika-tresna ezaguna ezin da ikusi, izan be, pandemia dala eta, Gernikako Batzarretxearen barrukaldea zarratuta dago jentearentzat. Dana dala, Gernikako arbolea, Iparragirreren abesti ezaguna inspirau eban haretxaren ondorengoa, dagoan kanpoaldea zabalik dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu