4.000 erabiltzaile konektau dira dagoeneko Itzuli +, itzultzaile neuronalaren tresna barrira

Bizkaie! 2020-12-28 12:21   Kulturea

Euskerazko eta gaztelaniazko testuak itzultzen ditu berehala.

Begoña Pedrosa, Miren Dobaran eta Xabier Arrieta | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzeak luzapen bat jarri dau herritarren eskura, Itzuli itzultzaile automatikoari lotzeko. Holan, tresnen katalogoa zabaldu dau, ikasle eta profesionalentzako testuak errazago eta hobeto itzultzeko. 3.700 erabiltzaile inguruk deskargau dabe dagoeneko Itzuli + (itzuliplus) tresna barra hau sortu eta herritarren eskura jarri zanetik. Gainera, itzultzaileak erabiltzaileari itzulitako testua eta jatorrizkoa irakurteko aukerea emoten deutso eta horrek interprete-lanetan eta ikusmen-urritasuna edo dislexia daben personentzat aukera interesgarria dakar.

Itzuli + oso tresna gomendagarria da testuen elaborazinoan eta itzulpenean; ikasleek eta gurasoek askotan erabilten dabe itzulpenetarako eta, era berean, oso erabilgarria izan daiteke esparru akademikoetan eta erakunde publikoakazko komunikazinoetan. Aitatu barra horrek Interneten dagozan tresna batzuk bakarrean batu ditu: Itzuli itzultzaile neuronala, hiru hiztegi (Elhuyar, Morris eta Collins), euskerazko Wikipedia eta ahots sintesia.

Itzuli egitasmotik eratorritako proiektua da Itzuli +, izan be, Itzuli Eusko Jaurlaritzearen lehen proiektua izan da, herritarrek erabilteko sortua, Adimen artifizialetik abiatuta. Zerbitzu honek kalidadezko itzulpenak egiteko aukerea emoten dau, bai euskeratik gaztelaniara, bai gaztelaniatik euskerara, baita euskeratik frantsesera edo ingelesera eta alderantziz be.

Itzuli 2019ko urrian abiarazo zan eta ordutik gaurdaino (abenduko datuak oraindik zenbatu barik dagoz) tresna honek erabilera zabala izan du herritarren artean. Urte luze honetan berrogei miloetik gora konsulta edo itzulpen zerbitzu eskaini ditu, berbarako, igazko urritik aurtengo zemendira arte 41.158.630 itzulpen edo konsulta izan ditu.

Itzultzaile neuronala hainbat urtetako lanaren emoitzea da, Herri Arduralaritzearen Euskal Erakundeak 20 urtez batutako itzulpen-memoriak erabiliz ezarri da. Itzulpengintzan, euskeratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskerara egindako itzulpengintzan batez be, pilatutako eskarmentu handiari esker, datu-base terminologiko eta linguistiko zabala lortu da. Era berean, Herri Arduralaritzearen Euskal Erakundeak (IVAP) 20 urte daroaz itzulpen-memoriak sortzen eta, horri esker, 10 miloe segmentutik gorako datu-baseak ditu, itzuliak, berrikusiak eta eguneratuak.

Itzuli + Firefox eta Chromerako sortu da eta era automatikoan lotzen da Itzuli itzultzaileagaz; hainbat hiztegigaz (baita alemanagaz be) eta Wikipediagaz be konektetako aukerea emoten dau. Erraz eta intuizinoz erabilten da: web orri batean paragrafo bat edo gehiago aukeratzen dira eta, Itzuli ikonoan klik egin ondoren, itzulpen automatikoa eskaintzen dau. Beta aukerea sakatu ezkero, testu itzulia entzun daiteke.

 
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 289,8 miloe euroko aurrekontua izango dau datorren urtean, % 4,2 gehiago

Kultura sailburuordetzeak ia 60 milioe euroko aurrekontua izango dau eta Hizkuntza Politikakoak ia 65 miloe eurokoa, aurten baino % 7 gehiago.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu dauenez, ziurtasuna eta egonkortasuna eskainiko deuskuen aurrekontuak dira, ez dago atzerapausorik. 2021erako daukaguzan eginkizun eta erronkei baldintza egokitan aurre egiteko aurrekontu zabala eta indartsua daukagu. Gaineratu dauenez, aurrekontutan jasota egozan diru-laguntza zuzen eta deialdi guztiei eutsi deutsegu eta hartzaileek jarduerak betetea ezinezkoa izan danean, malgutasunez jokatu eta bestelako laguntzetara bideratu ditugu baliabide soberakinak. Bost ardatz nagusiren inguruan dagoz egituratuta Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren 2021eko aurrekontuak: COVID19aren ondorioei aurre egitea; euskalgintzearen eta kulturgintzearen ezagutzan eta gestinoan sakontzeko ikerketa-lanak eta barrikuntza-planak jorratzea; kulturgintzeari eta euskalgintzeari be sakon eragiten deutseen eraldaketa digitalerako pausu sendoak emoten hastea; kulturgintzako eta euskalgintzako erakunde eta eragileakazko lankidetzea sendotzea: eta gizon eta emakumeen bardintasunean sakontzeko ekimenei jarraikortasuna emotea.

Bingen Zupiriak aparteko garrantzia emon deutse Covid19ari aurre egiteko sortuko diran ekimen eta erabiliko diren bitartekoei: Danetara, Sailaren aurrekontu proiektuan, 3,1 miloe euro bideratuko dira Covid19aren ondorioak arintzeko eta zuzentzeko; helburua daCOVID19aren inguruan sortu diran eta sortu daitekezan zailtasunei aurre egiteko neurri eta laguntza bereziak bideratzea. Zeharkako laguntzak izango dira, hau da, saileko ia arlo guztietan izango dabe eragina. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu dauenez, izurriaren itzala ez dogu gainditu eta horregaitik behar ditue kultureak, hizkuntza politikak eta kirol-arloak laguntzak; muga eta baldintza guztiak beteta, gure jarduerak modu seguru eta orekatuan bete ahal izateko ardurea daukagu.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu