Kurtzebarri, deskantsetako eta naturaz gozetako inguru aproposa
2020-12-28 09:29 Ibilian-ibilian2021. urtea izan daitela danontzako aurrekoa baino hobea!!!
Euskal Herriko leku magiko bategaz emon nahi deutsat amaierea urteari. 2020. urteko azken artikulu honetan Gipuzkoan kokatutako inguru parebako batera egingo dogu bidaia, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ikuspegi ikusgarriaz gozetako asmoari eutsiz. Kurtzebarriko tontorrera igongo dogu, Aretxabaletan kokatutako 1.146 metroko mendira, hain zuzen be. Iñurrategi anaiek sorterri daben herrian, Gasherbrum II mendian behera joiala hildako Felix Iñurrategi alpinista handiaren omenez egindako oroigarria topauko dogu Kurtzebarriko tontorrean.
Debagoiena inguruko mendirik esanguratsuenetako bat da eta bertara igoteko bideak asko eta ezbardinak. Ohikoena Mendiola auzotik igotea litzateke, bertatik igoera leunagoa eta errazagoa baita. Aparketako leku askorik ez dagoan arren, Mendiolara bertara oinez be igon daiteke herritik. Bertara heldu eta harri handi batek markauko deusku bidea, biribilgune antzekoan, eskumatara dagoan bidea hartuko dogu gorantz hasteko. Handik aurrera, ez dago galbiderik, asfaltozko pistatik aurrera eginez, Kurtzebarriko bidea marketan dauen oharra ikusiko dogu. Tontorrera heldu aurretik, inguruetako beste tontorrak igoteko aukerea be badago, beraz, zeuok erabagi tontorrik tontor ibili ala jarraian egin aurrera.
Bestalde, beste hainbat lekutatik igon daitekeen arren bertara, bada beste bide bat nahikoa ezaguna eta gorago aitatutakoa baino askoz bertikalagoa dana eta, nire eretxiz, bide bietatik igon ondoren, bigarren hau ederrena dala esan neike. Biak ala biak oso ezbardinak dira, ez dabe ezelako antzekotasunik, baina honek horren berezia eta ederra iruditzen jatan Urkuluko urtegia dau abiapuntu eta horrek ez dauka parekorik. Gainera, igoera gogorragoa izanik eta tarte laburrean desnibel handia pilatzen dogunez, behin basoa igarota, handik gora Urkulu denpora guztian begien aldamenean izatea ederra da, benetan. Gainera, honen atzean, Anbotoko eta Udalatxeko ikuspegirik ederrenak dagoz.
Urkulu lakuko inguruak be bestelako aukerak eskaintzen ditu, esaterako, bera inguratuz oinez edota korrika egin daitekezan 6,5 kilometroak. Txoriak ikusteko leku aproposa be bada Urkulu, bertan pizti eta landare mota ugari baitagoz; beraz, amaitzeko, berba gitxi erabiliz, Kurtzebarri mendiak eta Urkuluko lakuak giro eta erakusleiho aparta eskaintzen deuskue begien gozamenerako, lasaitu eta naturaz gozetako.
Informazino gehiago hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!