Mikel Urbeltz: 'Euskeratik abiatuta, erakargarria eta anitza da Kafe Antzokia'

Dabi Piedra 2020-12-28 08:01   Barriketan

1995eko abenduan zabaldu eben Bilboko Kafe Antzokia, sasoi haretan barritzailea zan idea baten inguruan. Momentuan momentuko jokerei kasu eginaz, euskal kulturearen agertoki eta euskaldunen topaleku izateko asmoz jaio zan, eta, 25 urte geroago, horri eusten deutse. Covid-19ak bete-betean jo dau Kafe Antzokia, mende lauren bete dauen urtean, eta martitik zarratuta dago.

Mikel Urbeltzek, Kafe Antzokiko kide guztien izenean, beste 25 urte beteteko gogotsu dagozala kontau deusku. Laster ateak zabaldu ahal izatea espero dabe, ze, Urbeltzen arabera, eskaintza telematikoak ezin dau guztiz ordezkatu bertatik bertarako kulturearen balioa. 


1.- Euskerearen eta euskal kulturearen topagune izateko sortu zan Bilboko Kafe Antzokia, hutsune bat beteteko asmoz. 25 urte eta gero, gustura zagoze egindako bideagaz?

Kafe Antzokia euskalgintzearen, kulturearen eta euskerazko aisialdiaren mesederako sortu zan. Beharrezkoa ikusten zan, eta urteetan zehar bide luzea egin dau eta asko emon deutso euskalgintzeari eta kultureari. Baina egindakoaz pozik egonik be ez gagoz itsu gure herrian dagozan hutsuneen aurrean, eta argi dogu lan handia geratzen dala euskerearen erabilereak eta euskal kultureak behar dituan espazioak irabazteko.


2.- Mende laurenean gauza asko aldatu dira gizartean. Zelan egokitu da Kafe Antzokia garai barrietara?

Teknologiek aldaketak ekarri deuskuez komuniketako edo sarrerak banatzeko moduetan adibidez, baina aldaketa nagusi bat bezero gazteakan dogu. Demografiari jagokonez, gazteen artean % 50eko jatsierea dago garai bateko kopuruakaz alderatuta, eta horrezaz gan aisialdi ohiturak be aldatu dira. Ez da aldatu Antzokiak hasieran eban oinarri ideologikoa, euskerea zein kulturea landu eta indartzearena, garaiko moldeetara egokitua.


3.- Bilbon euskeraren eta euskal kulturearen ugarte bat izatearen sensazinoa dozue?

Ez, guk ez dggu geure burua ugarte moduan ikusten, guk plaza edegi moduan irudikatzen dogu, gure izaeratik sortua baina abegikor euskal hiztunak ez diranakaz be, hareek euskerara eta euskal kulturara erakarriz, eta Bilboko eta Euskal Herriko gizarteari lotuak, konektatuak, emonkorrak, jarioaren parte. Gure jarduna, gurean errotua zein munduari edegia ikusten dogu.


4.- Kafe Antzokitik momentuan momentuko euskal artistarik nabarmenenak pasau dira 25 urtean. Sortzaileentzat erreferente bihurtu zarie?

Urtean 300 ekitaldi inguru egiten dira, eta, guztira, 7200 inguru 25 urtean, baina zenbakietatik haratago, esan daiteke euskal artistentzat erreferentziazko oholtza bilakatua dala aspaldi. Bertora datoz euren lan barriak aurkeztera, zuzenekoak grabetera eta bertan egoten dan giroa, publikoaren hurrekotasuna eta inplikazinoa bereziak dira, artistak babestua sentiduten dira.


5.- Kafe Antzokian giro berezia sortu ohi dala esaten da. Bertako arduradunek be sentiduten dozue magia hori?

Ekitaldi bakotxak bizitza propioa dau, artista bakotxak bere ekarpena egiten dau, eta ganera ikusle bakotxagan eragin berezia dau bizipen horrek. Horren guztiaren batureak, zirrarea, poza, alaitasuna danok batera bizitzeak, sentipen kolektibo bat sortzen dau, aitatzen dozun magia hori, bat egiten dogun sentimendua, erreala baizen ukiezina dan hori, eta garrantzitsua da hau, Kafe Antzokia bizipenez betea da.


6.- Kanpoko artistek be badabe lekua zuen oholtzan. Zelan aberasten dabe Kafe Antzokiaren eskaintzea?

Atzerriko artisten emonaldiek leiho bat zabaltzen deuskue mundu zabalera, eta kultur aniztasunaren eta sormenaren ispilu dira, ikusleen gozamenerako iturri. Baina erakusleiho huts baino, gure kreatibidadearentzako elikagai izango diralakoan eskaintzen doguz, gure herriko sormen propiorako inspirazino edo akulu. Ganera, atzerriko bisitarientzat, euskal kulturearen erreferentzia da Kafe Antzokia, eta artistentzat, Bilbo eta Euskal Herria mapan jarten dauen kulturgunea.


7. - Antzokira joaten dan publikoa hetereogeneoa da. Danetariko publikoak euskal kulturara erakarteko balio dau zuen lanak?

Saiatzen gara danetariko eskaintza zabal bat emoten, kulturan, ostalaritzan edo gaueko aisian... Musikea, jantzea, antzerkia, bertsolaritzea... Estilo ezbardinak, edade guztietarako, eta gusto edo behar zabala. Horrek egiten dau Bilboko eta Euskal Herriko aniztasunaren ispilu integratzailea izatea, euskeratik abiatuta erakargarri. Anitzak gara, euskeraz.


8.- Belaunaldi barriak zuzeneko ikuskizunetara joatea gero eta gatxagoa dala dinoe. Zuek zer egiten dozue gazteak kontzertu, ikuskizun, ekitaldi eta abarretara erakarteko?

Gure programazinoan berebiziko garrantzia dau euskal talde barriei leku egitea zein belaunaldi barriak erakartea. Hainbat ekitaldi dobakoak dira, Lagun artean kantari edo Urbeltzen dantza ganbara adibidez, eta kontzertu edo ekitaldi batzuk be dobakoak izaten dira ikusleen etorrerea errazteko.


9.- Covid-19ak gogor jo dau kulturgintzea. Lehendik egon diran miseriak agirian itxi ditu birusak?

Agirian itxi dauena da kultureak hartu-emonetan dauela oinarria, eta teknologiak, tresna baliotsua izanik be, ez dauela ordezkatzen personen arteko tratu zuzena. Bestetik, auzoko beste hizkuntza eta kulturakaz alderatuta, gure kulturearen ekosistemea ahulagoa da eta ganera zatitutako herri bat garela barriro ikusi da. Horrek, egoera latz honetan beste probintzietako herrikideakaz hartu-emonak izatea eragotzi deusku. Kulturea eta hizkuntzea dira garena, gu egiten gaitue, gizartea sortzen eta egituratzen dabe funtsean, eta hartu-emonak dira horren muina.


10.- Pandemian zein garai arruntagoetan, eragileen arteko alkarlanak zenbaterainoko garrantzia dauka?

Aurrekoan aipatutakoagaitik alkarlana, garrantzitsua baino, ezinbestekoa da. Gure kultur sarearen tamainu txikiak koordinazinoa eta sinergiak behar ditu, bai eta instituzinoen laguntzinoa eta babesa be, beteten doguzan helburuen eta emoten doguzan zerbitzuen adinakoa, baina ez biziraupenerako bakarrik, gure kultur egitasmoen sendotze eta hazkunderako baino.


11.- Behin 25 urte beteta (Covid-19aren sorpresa eta guzti), zelan ikusten dozuz hurrengo urteak?

Egitasmoz eta lanez oparo ikusten doguz hurrengo 25 urteak, musika, jantza, bertso, zinema, antzerki sormenez beteak, eta gure begirada iragana, oraina eta etorkizuna lotzen dituan garaikidetasunean. Lagun, bezero, sortzaile eta bidaidez betetako Kafe Antzoki bat ikusten dogu, kulturaz eta aisiaz gozetan, orain doguzanen etxe eta barrien erakartzaile.

 

Argazkiak: Bilboko Kafe Antzokia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu