Aurten ikasi doguzan 24 berba eta esapideren bildumea egin dau UZEIk
2020-12-23 09:37 Euskerea berbagaiKoronabirusari lotutako kontzeptuak baztertu ditue, 2020an beste gauza asko jazo diralako.
Urtea amaitzear da, 2020ak laster pasauko deutso lekukoa 2021ari, baina a ze urtea izan dogun, Covid-19a gora eta behera. Hileotan hitzetik hortzera erabili doguz maskara, PCR, telelan, negazionista, konfinamendu eta beste berba asko, baina UZEIkoek zerrenda alternatiboa egin dabe: 2020an ikasi doguzan 24 berba eta esamolde, koronabirusagaz loturarik bakoak.
Ez dogu urte-amaierea be kopetilun amaitzeko ezelako gogorik eta, beraz, aurtengo gure zerrendea Covid bakoa izango da. Covid free, jente modernoak esango leukeen lez, adierazo dabe UZEIkoek. Birusak geure egunerokoaren zati handi bat hartu dauen arren, zerrendea ikusita garbi dago 2020ak beste gauza askotarako berbalekua be ekarri dauela.
Hona hemen UZEIren proposamena:
1.- Psephurus gladius. 2020an, eta, beraz, hamarkada honetan desagertu dan lehenengo espeziea, arrain klase bat da.
2.- Holanda. Hau be aurten desagertu da, hango gobernuak erabagi dauelako aurrerantzean Herbehereak izango dala herrialdearen izen ofizial bakarra.
3.- Konputagailuz sortutako irudi. Ingelesez CGI, Martin Scorseseren azken filmean erabilitako teknikea da, Robert de Niro gaztetzeko.
4.- Dardarina. Parkinson gaixotasunaren sintoma baten izena da, euskerazko Wikipedian 350.000 artikulua izan da.
5.- Jet grouting. Donostiako metroko obren harira ikasi dogu kontzeptu hori.
6.- Guraso PIN. Beste izen batzuk be baditu hezkuntzeagaz lotutako kontzeptu polemiko horrek, PIN parental eta gurasoen betoa adibidez.
7.- Lawfare. Politikarien kontrako jazarpen judiziala da.
8.- Arrakala orgasmiko. Izenburu hori eukan berbaldia bertan behera itxi eban Iruñeko Udalak, baina Katakrakek egin eutsen lekua hizlariei.
9.- Pseudosclerococcum golindoi. Orain arte katalogau barik egon dan onddo espeziea, Aranzadikoek topau dabe.
10.- Lindano. Zaldibarko zoritxarreko istripuaren kontura, gogoan hartu hori dala forma onartua, ez lindane.
11.- Lur-jausi, luizi. Horreek be Zaldibarkoaren kontura aitatu doguz nahi baino gehiagotan.
12.- Umefobia. Umerik onartzen ez dauen hotela zabaltzekoak ziran udabarrian Donostian.
13.- Txalaparta. RAEk gaztelaniazko hiztegian onartu dau berbea.
14.- Mandotik astora erori. Euskaltzaindiak aurten bere hiztegian sartutako esamoldeen artean dago.
15.- Ezkio-Itsaso. Auzitegi Gorenak herri biak udalerri bakarrean batzeko agindu dau, beraz, barriro erabili beharko dogu izen hau.
16.- Habeas corpus. Atxiloketetan berme guztiak betetearen inguruko esapidea, Valentzia aldean abuztuan izandako kasu baten kontura barriro agertu da.
17.- Txorta-lagun. Erderaz gero eta gehiago erabilten dan follamigo-ren baliokidea, larru-lagun be onartuta dago.
18.- Efektu fundatzailea. Genetikako kontzeptua. Euskaldunona orain dala 2.000 urtekoa dala dino ikerketa batek.
19.- Fosfano. Jatorri biologikoa dau gas horrek Lurrean, baina aurten horren arrastoak agertu dira Artizarrean, zer esan nahi dau horrek?
20.- Popatik hartzera. Samuel L. Jackson aktoreak euskeraz esan eutsan popatik hartzen joateko Donald Trumpi.
21.- Okupa. Arriskutzat aurkeztu da komunikabideetan, baina segurtasun-enpresen marketin trikimailua ez ete dan...
22.- Hondale. Izen hori izango dau Cristina Iglesiasen Santa Klara ugarteko artelanak.
23.- Euskera. Izen hau dauen ikasgaia erakutsiko dabe Nafarroako irakasleek. Egin kontu, orain arte Vascuence navarra zan izen ofiziala.
24.- Ene laztan gozo ederra. Oñatin agertu dan XVI. mendeko euskerazko olerki baten hasierea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!