Askabide alkarteari emon deutse Emakunde Saria

Bizkaie! 2020-12-22 08:33   Pil-pilean

Prostituzinoan eta gizarte bazterketan dagozan emakumeei laguntzen 35 urte daroaz.

Izaskun Landaida, Beatriz Artolazabal eta Miriam Santorcuato (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bardintasunaren aldeko Emakunde Sariaren epaimahaiak aho batez erabagi dau Askabide alkarteari emotea 2020ko edizinoko saria. Irabazi-asmo bako erakundea da, eta prostituzinoan dabizan eta gizarte-bazterketako egoeran dagozan emakumeen kolektiboaren normalizazinoaren eta gizarteratzearen alde lan egiten dau.

Epaimahaiaren ustez, azpimarratzekoa da Askabide alkarteak emakume horreentzako topaleku izatea lortu dauela, euren kezkak, beharrak edo amesak bardintasunez konpartiduteko. Prostituzinoan eta bazterketearen testuinguruan emakumeek jasaten daben indarkeriari preminazko erantzuna emoteagaitik be saritu dabe Askabide, sexu-esplotazinorako emakumeen eta nesken salerosketearen arloan egiten dauen lanagaz batera.

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak adierazo dauenez, sari hau 35 urte baino gehiagoko ekarpenari emoten jako, prostituzinoari emakume bakotxaren nortasunen eta bizi-esperientzien dimensino indibidualetik eta, aldi berean, dimensino sozio-komunitario batetik heldu deutsan esku-hartze baten bidez, konplejutasun horri guztiari erantzuten ahalegintzen diran estrategia malguak diseinau ditualako Askabidek. Landaidak ganeratu dau, aurtengo Emakunde Sariaren autorpena zabaldu egin nahi deutsela prostituzino-testuinguruetan lan egiten daben beste erakunde batzuei.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Bardintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak Askabide saritzearen garrantzia azpimarratu dau. Holako alkarteek funtsezko eginkizuna dabe gure gizartean, eta askotan administrazinoetatik heldu ezin garen lekuetara heltzen dira, eremua ezagutzen dabelako, eta holan osotzen dabe erakundeetatik egoera ahulenean dagozan personakaz egiten dogun lana.

Askabideren izenean, Miriam Santorcuato presidenteak hartu dau saria. Alkarteak emakumeen ikusgarritasunaren aldeko esku-hartze zuzena eta gizartearen sensibilizazinoa lantzen dituala azaldu dau, estrategia nagusi bi erabilita: alde batetik, indarkeriaren prebentzinoa, emakume prostitutek eten barik sufriduten dabena; eta, bigarrenik, emakumeen ahalduntzea eta trebakuntzea, aukera gehiago eta aukeratzeko askatasun handiagoa izan deien.

Askabidek 1980ko hamarkadan hasi eban bidea, Bilbon, boluntario talde batek auzo batzuetako prostituzinoaren errealitateagaitik eukan ardureak bultzatuta. Egoerea gero eta larriagoa zan, kolektibo horrek gizarte-estaldura eskasa eukalako eta HIESa agertu zalako. Harrezkero, hainbat ekintza eta proiektu jarri ditu martxan, emakumeen autonomia, bardintasuna eta ahalduntzea helburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu