700 saio baino gehiago galdu dira 2020an
2020-12-22 08:17 BertsolaritzeaHamarretik sei saio ez dira egin eta 735.000 euro ingurukoa da galera ekonomikoa.
Igazko datuakaz konparauta, hamarretik sei saio ez dira egin eta 735.000 euro ingurukoa da galera ekonomikoa. Bertso-eskola edota bertsozale talde bat dagoan herrietan eutsi jake bertso saioei eta Bertsozale Alkarteak herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri gura dau.
Urtearen amaiera aurreko hamabi hilebeteetako irakurketea egiteko erabilten da. Aurten, gainera, esanahi berezia hartzen dau, pandemiak eragin handia izan dauelako bertso saioen kopuruetan eta ezaugarrietan.
Xenpelar Dokumentazino Zentroari esker jasoten ditugu bertso saioen inguruko datuak eta horreen arabera, 2019an, bertsolaritzea ardatz eben 1.121 ekitaldi egin ziran; 2020. urtea amaitzeko iragarritakoak aintzat hartuta, barriz, 2020an, 435 egingo dirala aurreikusten da; bestela esanda, urte biak konparauta, hamarretik sei saio ez dira egin.
- 2020ko abenduan: 52tik 41 jaialdiak izan dira (Lagunartekoak: 0 / Plaza libreak: 2 / Bat-bateko bereziak: 9).
- 2019ko abenduan: 74tik 23 jaialdiak izan ziren (Lagunartekoak: 15 / Plaza libreak: 20 / Bat-bateko bereziak: 16).
Eragin handiena, libreko saioetan
Segurtasun arauen neurrira egokitutako saioak egin dira eta, ondorioz, bertso saio mueta jakin batzuetan ondorioak handiagoak izan dira. Lagunarteko eta libreko saioen kasua da hori. Saio horreek osotzen dabe multzorik handiena urteroko bertso plazan: hau da, otorduetan edo mahai-inguruan egiten diranak eta gai-jartzaile barik bertsolariek ikus-entzuleakandik hur kalean egiten dituenak. Aurten, %5 8 bajau dira lehenak, eta % 86 bigarrenak.
% 58 eta % 86 bajau dira lagunarteko eta libreko saioak
Jaialdiak – bertsolariak oholtzan eta aurrean ikus-entzuleak - izan dira egoereari ondoen eutsi deutsenak, nahiz eta igaz baino gitxiago izan diran: 138 egin dira, % 37 gitxiago. Kasu batzuetan, lagunartekoen eta librekoen ordezko be izan dira.
Lanku Kultur Zerbitzuetan ondorioak
Plazea sustatzeko egituretan be nabarmena izan da eragina. Lanku Kultur Zerbitzuak enpresea ERTEn egon da udabarrian, izan be, martitik antzemon da beherakada nabarmena saioen antolaketan eta horri loturiko zerbitzu eskarian.
Azken hamarkadetan goranzko nabarmena izan dabe bertso saioek eta kopuruari eutsi egin jako azken urteotan Xenpelar Dokumentazino Zentroan jasotako datuen arabera. Martira arte, urteko datuak ez ziran bape txarrak; igoera txiki bat be egon zan bertso plazan txarrak izaten diran lehen hile biotan. Udaberriagaz batera hasten da saio kopurua ugaltzen eta sasoi horretan heldu zan mundua eta bertsolaritzea gogor astindu dauen larrialdi egoerea.
Baldintza barrietara egokitzea ez da erraza izan, baina bertsolariek nabarmendu dabe zeozelan igarri dabela zaleen bertso gosea. Bertso-eskola edota bertsozale talde bat dagoan herrietan eutsi jake bertso saioei eta Bertsozale Alkarteak herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri dau, zailtasun guztien gainetik ekitaldiak gauzatzeko ekina eta eginahala handia izan dalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!