Orotariko Euskal Hiztegiaren sareko bersinoa eguneratu dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2020-12-21 09:56   Euskerea berbagai

Euskerazko testu zahar gehiagotako edukiak dagoz orain.

Obra zabala da Orotariko Euskal Hiztegia, bai liburuki kopuruagaitik, bai berau amaitzeko behar izan ziran urte luzeakaitik be. Gaur egun, baina, klik bakarrean ikusi geinkez bertako edukiak, Euskaltzaindiaren webgunean dagoalako Orotariko Euskal Hiztegia, nahi dauenak kontsultetako moduan. Akademiak azaldu dau barrikuntzak sartu deutsazela bersino digitalari.

Papeleko bersinotik digitalera pasetako lehen pausua hiztegiaren egitura formala Text Encoding Initiative (TEI) gidalerroen arabera definidutea izan zan, baina prozesu gatxa da hori, eta dana ezin da modu automatikoan egin. Hortaz, eskuz egin behar dira parte batzuk, lexikografiako eta informatikako adituen lankidetzearen bidez. Ahalegin hori aurrera doa, eta horren emoitzea da orain sarean jarri daben bersino barria.

Horrezaz gan, sarean, Orotariko Hiztegia ez da obra estatikoa, edukiak sartzen eta aberasten doazalako. 2016tik, honako testuetako edukiak sartu ditue:

-Euzkadi'ko Agintaritzaren Egunerokoa (1936-1937).

- Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundien 1917-1923ko euskal testuetako hiztegia.

- Lhanderen hiztegiko Hiribarrenen aipamenak zuzendu dira.

- XVI. eta XVII. mendeetako testuak: Fernando Maioraren Reino de Navarra. Euskera. Injurias, coplas, frases liburukoak; Juan Madariagaren Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII liburukoak; Erronkari eta Zuberoako agintarien arteko 1616-1617ko gutuneria; XVI. mendeko gipuzkerazko Miserere bat (FLV 1982, 332-334); 1619ko Cancion en lengua Vascongada o Vizcayna (ASJU 2011 (1), 361-385); 1656ko goi-nafarrerazko bertso batzuk (ASJU 2006 (XL) 47-80); Bergara aldeko XVI. mendeko hiztegitxua (ASJU 2012 (2), 13-29) eta Urduñako XVII. mendekoa (ASJU 2011 (1), 387-402).

- Salvador Zapirain, Ataño-ren Txantxangorri kantaria.

- Jose M.ª Etxabururen Ondarroa'ko kontuak.

- Michel de Chourioren Jesu-Christoren Imitacionea (1720).

- Manuel de Larramendiren Azkoitiko sermoia (1737).

- Domingo de Aguirreren Ioan etorri bat Erromara (1899).

- Agustin Anabitarteren Usauri (1931).

- Jean Elissalde, Zerbitzari-ren Ichtorio Saindua. Testament Zaharra. Jesu-Christo. Eliza (1943), Metsikorat, LVII.a Gerlan, Artho xuritzetan.

- Federiko Belaustegigoitiaren Andoni Deunaren bizitza.

Gaur egun, 146.366 sarrera eta 57.016 azpisarrera ditu Orotariko Euskal Hiztegiak sarean, eta kopuru hori handituz doa egituratze-lanek aurrera egin ahala. Lan horreei esker, hiztegiko azpisarrerak eta hainbat aldaera be topetako gai da orain bilatzailea. Horrezaz gan, egituratutako 530.000 adibide inguru dagoz batuta eta sailkatuta. 

Orotariko Euskal Hiztegiak euskerearen aro eta euskalki guztietako lexikoa jaso eta antolatzea dau helburu. 1987an argitaratu zan papelean lehen liburukia, eta 2005ean hamaseigarrena eta azkena. Hortik aurrera Euskaltzaindia ahalegin handia egiten dabil hiztegi horren bertsio elektronikoa gero eta aberatsagoa izan daiten, edukiz zein bilaketa-aukeraz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu