Barriro jzioquitzeko asmoz eta ilusinoz

Bizkaie! 2020-12-21 07:55   Euskerea berbagai

EuskarAbenturea gazteen euskerearen erabileran eragiteko asmoz sortu zan.

EuskarAbenturea espedizinoa bueltan egongo da 2021eko udan. Abenturan parte hartu nahi daben 2004 eta 2005 urteetan jaiotako gazteek martiaren 12ra arteko epea izango dabe proiektua eta aurkezpen-bideoa bialtzeko. Oraingo hautaketa prozesuan, egin ez dan 2020ko espedizinorako aurkeztutako hautagaitzak
be hartuko dira kontuan.

EuskarAbentura alkarteak 2021eko espedizinorako izen-emote epea zabaldu barri dau. Euskal Herriko eta diasporako 16-17 urteko gazteek izango dabe abenturan parte hartzeko aukerea, hau da, 2004 eta 2005 urteetan jaiotakoek. Hautagaitzea aurkezteko, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dabe, alkarteak proponidutako formatu eta gaien artean aukeratuz. Horretarako martiaren 12ra arteko epea izango dabe.

Jasotako lan guztiak Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazinoagaz alkarlanean ebaluauko dira eta 120 lan onenen egileek espedizinoan parte hartzeko aukerea izango dabe, ezelako tasarik ordaindu barik.

Proiektuaren lanketeari esker gazteak gaurkotasuneko gaien inguruan hausnartu deien bultzatu gura ditu alkarteak eta, esangura horretan, aukeran izango dituen gaiak honakoak izango dira: Baserritik Sardexkara, gizakion elikadurearen konsumo ereduak gure eta ingurumenaren osasunean dauen eraginaren inguruko hausnarketea bideratzeko; Klik eta post, gure gizartean irudiari emoten jakon garrantziaren inguruan gogoetea egiteko eta Edadea, jakintzearen iturri, edadeko personen esperientzia haintzakotzat hartzea inoiz baino garrantzitsua dalako.

Uda ibiltaria

Osasun krisiak eraginda, sektore bereko beste askok legez, EuskarAbentura alkarteko kideek espedizinoa bertan behera ixteko erabakia hartu behar izan eben, parte-hartzeko izena emon eben 316 gazteen penarako. Kontuak kontu, 2020ko edizinorako jasotako hautagaitza guztiak kontuan hartuko dira 2021eko espedizinorako hautaketa prozesuan, 2003an jaiotako gazteenak be bai. Edozelan be, gazte horreek aukerea izango dabe aurkeztu eben lanaren noteari uko egin eta proiektu barri bat aurkezteko.

Espedizino barik be, EuskarAbentureak asmau izan dau 2020ko uda berezian gazteen egunerokotasuna alaitzen EuskarAbentura 2.0 edizino berezia izeneko alternatibearen bitartez: Instagrametik erronka desbardinak proponidu genduzan eta 60 gazte baino gehiago animau ziran, azaldu dau Ane Pedruzo alkartekideak.

Hurrengo udara begira, EuskarAbentureak normaltasunetik hurrago dagoan esperientzia bat biziteko aukerea eskaini gura deutso euskal gazteriari. Halan da be, Pedruzoak adierazo dauenez, ezin dogu % 100 ziurtatu ohiko ibilbidea jarraituko dauen 120 gaztez osotutako hilebete osoko espedizinoa atondu ahalko dogunik. Izan be, 2021eko espedizinoa unean-uneko osasun egoerearen eta indarreko arauen arabera atonduko da. Udea hurreratu ahala egitasmoari buruzko informazino eguneratua argitaratuko da: Momentuz alternatiba ezbardinak aurreikusi ditugu: espedizinoaren mobikortasuna murriztea, gazte kopurua edota jarduerearen iraupena murriztea, adibidez, jente gitxiagoko ekintza laburragoak eginez... Gure azken helburua espedizinoa egitea izango da; hori ezinezkoa balitz, haren esentziari eutsiko geunskio, esperientzia ahaztezina atontzen saiatuko gara, gaineratu dau Pedruzok.

Aurreko edizinoetan parte hartu eben Haimar Martin eta Anne Rodriguezek jakinarazo dabe espedizinoan bizitakoak eragina izan deutsela: Bizitza osoa pasau dot erdaldun giroan, ez nituan ezta euskal kantak entzuten be... EuskarAbentureak lagundu eustan burbuila horretatik urtetan esan dau Rodriguezek, 2019ko espedizioko partaide izandakoak. Martinek espedizinoa birritan egin dau: Jzioquitar moduan bizi izan eban lehenengo edizinoa eta begirale-laguntzaile moduan bigarrena. Kontau dauenez, EuskarAbentureak lagundu deust konturatzen euskereak zelako eragina dauen norberarengan eta beste lurraldeetan bizi diranakan, bakotxak etxean zelan bizi dauen.... Txikitasun horreetan laguntzea oso pozgarria da, gaineratu dau.

Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria den Kike Amonarrizek holako esperientzien garrantzia azpimarratu dau, Ni, Anne bezela, inguru erdaldunekoa nintzan eta Abaigarko Euskal Udalekuetan bizi izan nituanak bultzatuta sartu nintzen euskal munduan. Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Hizkuntza bardintasunerako zuzendariak, gaineratu dauenez, abentura honek urrutira joan barik etxetik mundu bat deskubriduteko aukerea eskaintzen dau.

Euskerea erdigunean

EuskarAbentura alkartea, besteak beste, gazteen euskerearen erabileran eragiteko asmoz sortu zan, Pedruzoren esanetan, euskal hiztun gazteak aktibetako. Orain arte jorratutako euskera ohiturak trinkotzeko estrategiaren lanketan Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburordetzea (HPS), Soziolinguistika Klusterra, EBETE eta GEU alkartea izan ditu bidelagun. Aurten gainera HPSren laguntza erantsia jaso dau darabilen estrategiaren eraginkortasunaren neurketa zehatz eta landuagoa egin ahal izateko. Josune Zabalak, Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, azpimarratu dau EuskarAbentureak proiektu modura erantzuten deutsola euskereari, baita bere bizibarritze prozesu etenezin honetan estu lotzen jakon uniberso zabal bati be: aisialdia, kulturea, ingurunea ezagutzea eta hartu-emonak.

Aitatu erakunde eta eragileez gan, EuskarAbentura egitasmoak aurrera egin badau, jaio zanetik, eta egungo egoera larrian be, alboan fidel eta sendo jarraitzen daben babesle eta laguntzaileei esker izan da. Begoña de Ibarra Bizkaiko Kultura zuzendari nagusiaren esanetan, EuskarAbenturea lako proiektuak ezinbestekoak dira euskerea aisialdian sustatzeko. Aitatutakoez gan, ondoko ordezkariak be izan dira: Nafarroako Gobernuaren Euskarabideko Euskerearen Sustapenaren eta Plangintzearen Zerbitzuko zuzendari dan Paula Kasares eta Gorka Goiatxe eta Edurne Otamendi, Donostiako Gazteria eta Euskera saileko arduradunak hurranez hurran.

Ikusi bideoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu