Mintzanetek mila erabiltzaile baino gehiago ditu dagoeneko

Bizkaie! 2020-12-18 13:29   Euskerea berbagai

Halandabe, Bidelagun izango diran boluntarioak behar ditue.

Covid-19aren urtea da 2020a, eta horrek hankaz gora jarri ditu proiektu guztiak. Baina abantaila batzuk be ekarri ditue konfinamendu, etxeratze agindu eta abarrek, ze jenteak interneteko ekimenak gehiago erabiltera jo dau, eta, hartara, Mintzanet proiektuak bultzada ederra jaso dau. Euskerea praktikau nahi dauen jentea batzen dau Mintzanetek ordenagailuaren bidez, Bidelari eta Bidelagun figuren bidez.

Euskerea ikasten dabizalako, berba egiteko trebetasuna falta dabelako edo euskerea ez dabelako ahaztu nahi, jente askok emoten dau izena Bidelari lez. Honeei laguntzen deutse Bidelagunek, hau da, euskeraz ondo berba egiten dabenek. Azken honeek be hainbat arrazoigaitik egiten dabe bat Mintzanetegaz, dala euskeraz egiteko eremu gehiagoren bila dabilzalako, dala ikasten dabizanei lagundu nahi deutselako.

Esandako moduan, 2020a urte oparoa izan da Mintzanet sarean. Lehenengo aldiz, mila erabiltzaile baino gehiagoko mugea pasau dabe, eta, beraz, sekula baino jente gehiago dago izena emonda. Koronabirusaren krisiak urte osoa baldintzatu dau eta jentea teknologia barriak ezagutzera animau dau, dino Ander Makazaga Mintzaneten koordinazino taldeko kideak.

Hori bai, oharra egin dabe proiektuaren bultzatzaileek: Bidelagun gehiago behar dira, eta dei egin deutse interesa daben euskaldun guztiei izena emon deien. Une honetan, 200 lagun inguru zain doguz, Bidelaguna behar dabe. Euskerea praktikau nahi dabe eta ezin deutsegu behar dan moduko zerbitzua eskaini, azaldu dau Makazagak, Bidelari eta Bidelagunen arteko desorekea dala eta.

Bidelariei berba egiteko kideak topetako, kanpaina ugari ipini ditu martxan Mintzanetek. Bidelagun egin daitezan dei egin deutse euskaldunei, eta orain dagozan bidelagunei bidelari gehiagoren ardurea hartzea be eskaini deutse. Maila handiko bidelariak alkarregaz be jarri ditue, itxaron-zerrendan egotea baino, baten bategaz berba egitea hobeto dala uste dogu

Bidelagun izan nahi dauenak ez dau baldintza askorik bete behar. Euskeraz ondo jakin behar dau, baina titulurik ez dabe eskatzen. Ganera, bideodeiak egiteko aplikazinoren bat euki behar dau ordenagailuan edo telefonoan. Informazino gehiago 943 504 206 telefono zenbakian edo info@mintzanet.net helbide elektronikoan.

Mintzanet 2012ko abenduan sortu zan eta pixkanaka hazten dago. Euskeraz berba egiteko aukerea eskaintzeaz gan, bestelako ondorio positiboak be baditu: mugak gainditzea (distantzia, bakartze linguistikoa edo partaideek izan leikezen arazo fisikoak edo denpora-eragozpenak), askotariko euskaldunen arteko alkar ezagutzea sendotzea, eta, azken batean, euskaldunen kopurua handitzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu