Gazteentzako II. Bziber lehiaketea martxan

Bizkaie! 2020-12-18 12:05   Euskerea berbagai

Sare sozialetan euskerazko edukiak sortzea eta erreferente euskaldunak indartzea da asmoa. 

Azkue Fundazinoak Bziber lehiaketearen bigarren edizinoa ipini dau martxan, Gabonetan Bizkaiko gazteek euskerazko aisialdirako aukerea izan deien, gaur egun arrakasta handia daben sare sozialak erabiliz. Tik Tok aplikazinorako lehiaketea da, hain zuzen be, Bziber, eta 11 eta 16 urte bitarteko gazteek hartu leikie parte.

Udan egin zan Bziberren lehenengo edizinoa, eta arrakastea ikusita, bigarrenez dator. Aldaketa batzuk egin ditue funtzionamenduan: parte-hartzaileen edade-tartea zabaldu dabe, batetik; sariak proba guztietan banatuko ditue, bestetik. 

Hortaz, abenduaren 18tik urtarrilaren 8ra, Edurne Azkarate aktore eta aurkezleak erronkak botako deutsez gazteei Tik Tok bidez, lau proba guztira. Irudimena eta trebetasuna erabiliz, parte-hartzaileek euren Tik Tok profilera igon beharko ditue proben erantzunak, @bziber_lehiaketa kontua etikauta. Ez da beharrezkoa erronka guztiak egitea, ze bakotxaren amaieran sariak banatuko dira. Ganera, probak behin baino gehiagotan egin leitekez. 

Erosketa-bonuak emongo ditue zozketan, erronkei ondo erantzun deutsen guztien artean. Probak zuzen egiteko, garrantzitsua da oinarriak adi irakurtea. 

Bziber lehiaketearen helburu nagusietako bat da gazteei euskerea modu ludiko eta dibertigarrian erabilteko aukerea emotea, Gabonetako oporrak aprobetxauta. Beste helburu bat da sare sozialetan erreferente euskaldunak ezagutzera emotea. Horregaitik, Edurne Azkarate ipini dabe aurkezle, eta Pello Reparaz musikaria be Tik Token ibiliko da, Azkaratek botatako erronkei erantzuten. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu