Marina Lameiroren 'Dardara' filma martiaren 15ean estreinauko dabe

Bizkaie! 2020-12-18 10:03   Zinemea

Punto de Vista, Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazinoarteko Jaialdiaren barruan.

Marina Lameiro (Iruñea, 1986) | Ikusi handiago | Argazki originala


Berri Txarrak

2020ko abenduaren 29an, barriz, Marina Lameirok Nafarroako beste jaialdi batean parte hartuko dau, Santas Pascuasen, hain zuzen be, Rockumental atalean. Berri Txarraken 25 ibilbidean mugabako etena ekarri eban Ikusi Arte biran jasotako zenbait irudi eta personaiei buruzko zertzelada batzuk aurreratuko ditu euskeraz Baluarteko Ganbera Aretoan, 20:00etatik aurrera.

Marina Lameiro zinemagilearen bigarren film luzea dan Dardara, 2021eko martiaren 15ean estreinauko da, Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazinoarteko Jaialdiaren (Punto de Vista) barruan. Sail Ofizialean erakutsiko dabe, lehiatik kanpokoen atalean. Arena Comunicación eta Txalap.art-en produkzino hau izango da lehiaketa honen hasierako filma. Ez da Marina Lameirok jaialdi honetan parte hartzen dauen lehen aldia, izan be, 2018an, Young & Beautiful bere lehen film luzeak, Publikoaren Sari Berezia irabazi eban.

Dagoeneko eskugarri dago Marina Lameiro zinemagile nafarraren Dardara bigarren film luzearen trailerra;  aurrerapen bat Gaztea Sariak banatzeko ekitaldian eta 55. Durangoko Azokan be eskaini eben online.

2019an, 25 urteko ibilbidearen momentu gorenean, Berri Txarrakek etenaldi mugabakoa iragarri eban baita urte osoa irautekoa zan Ikusi Arte birea be. Marina Lameiro zinemagileak bertatik bertara jarraitu eban birea eta bertan jasotakoak ekarri ditu Dardara film luzera.

Munduko hainbat lekutan bizi diran zaleen istorioetatik abiatuta, Lameirok ahots asko jasoten dituan bilana egin dau. Zale horreek guztiek hari batek lotzen ditu: Berri Txarrak taldearen musikeak. Filmean BTXek itxitako arrastoa ikusiko dogu, baita zelan lortu daben estilo bat —rocka—, hizkuntza bat —euskerea— eta belaunaldi bat —bere kideena— gaindituz, fenomeno unibersal bihurtzea.

25 urtean taldeko konposatzaile, gitarrista eta ahotsa izan ondoren, etorkizun ezezagun bati aurre egin behar deutson Gorka Urbizuren letren eta gogoeten bidez egiten dau aurrera dokumentalak. Pasinoari buruzko filma da, bai Gorkak sortzaile lez bai Berri Txarrakeko zaleek taldearen aurrean erakusten daben pasinoari buruzkoa.

Marina Lameirorenak dira gidoia, zuzendaritzea eta argazkia. Produkzinoaren diseinua Itziar García Zubirirena da. Muntaia, Diana Toucedok. Produkzino ejekutiboa Pablo Iraburu eta Igor Otxoaren ardurapekoa izan da. Nuria Pérez Martínezek koordinau dau Miguel García Irabururen posprodukzinoa. Álvaro García Echeverría arduratu da diseinu grafikoaz. Iosu Gonzálezek soinua editau eta nahastau dau. Mikel Santosek taldearen zuzenekoen soinuen nahasketak egin ditu.

Dardara Arena Comunicación eta Txalap.art-en produkzinoa da, Only in Dreams-egaz lankidetzan. EiTB MEDIA babeslea da. Filmak Nafarroako Gobernuaren Generazinemearen, Caja Navarra Fundazinoaren eta La Caixa Fundazinoaren Innova-Cultural programearen eta Etxepare Institutuaren laguntzak jaso ditu. Atera Films arduratuko da banaketaz.

Marina Lameiro (Iruñea, 1986)

Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziaduna da Juan Carlos Erregea Unibersidadean (2004-2009). Hainbat dokumentalen produktorea, errealizadorea eta gidoilaria da, horreen artean nabarmentzekoa Young & Beautiful. Film luze horrengaitik 2018an Punto de Vista jaialdian Publikoaren Sari Berezia, Alcances jaialdian epaimahaiaren aitamen berezia, Númax saria Margenes jaialdian, Rizoma saria izen bereko zinemaldian, Latexos saria Novos Cinemas zinemaldian, D`A Film Festivalen epaimahaiaren aitamen berezia edota ECAM saria jaso ditu. Horrezaz gan, Tania Hernández Velasco artista mexikarragaz dauen film-korrespondentziatik abiatutako Volando pero no film laburra zuzendu eban. Film labur horrengaitik Nafarroako Arte Gaztearen Topaketetako ikus-entzunezko sorkuntzako bigarren saria jaso eban 2016. urtean. 300 Nassau (2016) filmari esker Nafarroako Foru Arte Jaialdiko finalistea izan zan eta Fordhameko zein New Yorkeko unibersidadeetan eta Bartzelonako L`Alternativa jaialdian erakutsi ahal izan eban. Azken film labur hau 2014ko irailetik 2015eko bagilera bitartean sortu eban New Yorken, UnionDocs-eko artista egoiliar legez, Collaborative Studioko (CoLab) kide zalarik.

Produktoreak

Arena Comunicación Audiovisual zinema eta telebistarako dokumentalen etxe independentea da. Iruñean daben egoitzatik prozesu guztiaren ardurea dabe, ideia eta masterra. Haren film luzeak, Nömadak Tx (2006), Pura Vida / The ridge (2012), Muro/Walls (2015), District Zero (2015), Oskara (2015), Elkarrekin-Together (2017), Hasta mañana, si Dios, todo (2017), dozenaka herrialdetan filmau ditue eta interes berezia dabe irakurketa globaleko historia txiki eta gizatiarretan.

Txalap.art enpreseak ikus-entzunezko lanak eta ikuskizun eszenikoak sustatzen eta jorratzen ditu. Bere lan guztia tradizinoan, etenbako barrikuntzan eta kulturearen garapenean oinarritzen da. Arlo bitan lan egin dau: ikuskizunen eta musika-emonaldiak atontzea eta kudeatzea. 2006tik, Txalap.art ikus-entzunezkoen sorkuntzan dabil, batez be dokumental luzeetan. Arena eta Txalap.art-en lehen lankidetzea be, musikala izan zan, Nömadak TX, eta ordutik produktore biek bat egin dabe hainbat proiektutan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu