EHUren Kultura Zientifikoko Katedreak hamar urte bete ditu

Bizkaie! 2020-12-18 09:56   Pil-pilean

Ezagutza zientifikoa eta teknologikoa euskal gizartean zabaltzea da helburu nagusia.

Gazteentzako Zientzia Show, Katedreak antolatutako ekitaldietako bat (argazkiak: EHUren Kultura Zientifikoaren Katedrea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hamar urteko ibilbide oparoa egin dau EHUren Kultura Zientifikoko Katedreak, datuek argi eta garbi erakusten dabenez: 500 jarduera soziokultural baino gehiago, 11.500 dibulgazino-artikulu, 400 bideo eta beste eduki ugari plazaratu ditu, jakintzea zabaldu eta kultura zientifikoa gizarteratzeko asmoz. 1.374 adituk hartu dabe parte edukiak sortzen. Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean sortu zan Katedrea, 2010eko amaieran, eta osasuntsu dago hamarkada bat geroago.

Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektore ohi eta irakaslea dabil Katedrearen zuzendari. Kultura Zientifikoko Katedrea katalizatzailea izan da, azken aldi honetan espazio publikoan zientziari presentzia handiagoa emoteko prozesuaren barruan, adierazo dau Pérez Iglesiasek. 

Kultura zientifikoaren inguruko sensibilizazino, zabalkunde eta prestakuntzearen bidean, lau ardatz nagusi ditu Kultura Zientifikoaren Katedreak: publiko orokorrarentzako programak, gazteentzako jarduerak, hezkuntzako proiektuak eta ikus-entzunezko materiala.

Berbaldiak eta formatu barritzaileak dira kultura zientifikoa zabaltzeko erabilitako bide nagusiak. Esate baterako, Katedrearen bultzadaz antolatzen dira Naukas, Bidebarrieta Zientifikoa eta Mugako Alkarrizketak ekimen jentetsuak. Ezin dira ahaztu Bertsozientzia, Zientzia Klip eta asmamen handiko beste formatu asko be. Gazteen jakinmina biztuteko dagoz, bestalde, Naukas Kids eta Zientzia Show.

Ikus-entzunezko lanak be sarri erabilten ditu Katedreak kultura zientifikoa publiko zabalari hurreratzeko. Aitatzekoa da, produzidutako edukien % 42 euskaldunentzat dirala. Adibidez, euskal erakundeetan dabizan zientzialariei euren eguneroko jarduna euskeraz azaltzeko aukerea emoten deutsen bideo-sortea. Dagoeneko 145ek hartu dabe parte. 

Plataforma ugariren bidez zabaltzen ditu Katedreak bere eduki guztiak. Zientzia Kaiera gunean, esate baterako, 2.500 bat artikulu dagoz euskeraz. Mujeres Con Ciencia blogean, ostera, emakumeek jakintzeari egindako ekarpena agertzen da, eta Cuadernos de Cultura Científica hedabide digitalak be estimazinoa dau jentearen artean. 

Kultura Zientifikoaren Katedreak hamar urteotan egin dauen guztia batzeko, 10.zientzia.info webgunea jarri dabe martxan. 

Jakinduriek Mundua Erreko Dau bertso-saio zientifikoa.

Lan deialdia

Beste alde batetik, EHUk lan eskaintza publikoaren deialdia zabaldu dau, administrazino eta zerbitzuetako beharginentzat eta irakasle-ikertzaileentzat. Unibersidade publikoaren Gobernu Kontseiluak erabagi dauenez, administrazino eta zerbitzuetan 35 lanpostu eskainiko ditue, horreetatik hiru barruko promozinokoak. Irakasle-ikertzaileentzat 93 plaza egongo dira, barruko promozinoko katedradunen beste zortzigaz batera.

Deialdiaren helburu nagusietako bat behin-behinekotasuna gitxitzea izango dala dino EHUk. Nekane Balluerka jarduneko errektorearen arabera, giza-kapitala unibersidade baten baliorik handiena da. Lan eskaintza publiko honek, aurreko deialdietan ezarritako politikea indartzen dau, aukera profesionalak eskaintzen jarraitzeko, aldi baterako edo bitarteko loturea daben langileen ehunekoa txikitzeko eta lantaldeen planifikazino eta erregularizazino egokian aurrera egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu