Martxan 'Badaezpada, Bermeon erosi' kanpainea
2025-09-03 11:13 Pil-pilean45 komertzio batu dira ekimenera.

Bermeoko Udalak Badaezpada, Bermeon erosi kanpainea hasi dau gaur, hilak 3. Horren bitartez, herrian erosteko deia egin da, herriko merkataritzeari laguntzeko. Hatara, sektoreak dauen lana eta bizi-kalidadea sortzeko garrantzia balioan jarri gura da. Helburua da, bezeroak fidelizetea eta herriko saltokien salmentak handitzea.
Bermeon erosteak gure herriaren etorkizunearen eta herriko bizitearen alde egitea esan gura dau. Merkataritzea, identidadearen eta kohesino sozialaren motorra da, adierazo dau Maite Caruezo Ugalde, Garapen ekonomikorako zinegotziak.
Bermeoko Udalak egindako aurreko kanpainetan bezela, bat egin daben merkatarien artean banatu dira aterkiak, urdin mueta bikoak. Aterkiak bertoko artista batek sortutako irudia dauka, Bermeoren esentzia eta nortasuna islatuz.
Ekimena herriko jai nagusiagaz eta udazkenagaz batera egitea erabagi da, sasoi honetan eguraldi ona zein euria egiten dau-eta. Aterkia osogarri praktikoa da, baina aterkia sinbolikoa be izan ahal da: Badaezpada! aterkia herri bezela ordezkatuko deuskun osogarria be izan daiteke, adierazo dau Caruezok.
Kanpainarako prestau dan bideoak mezu argia dauka: bermeotar askok itsasora edo Sollubera begiratzen dabe ze eguraldi egingo dauen jakiteko, eta askok bietara. Horrek gogorarazo gura dau ezin garela ikuspuntu bakarragaz geratu; gure interesak jagon behar ditugu, ingurukoak be kontuan hartuz. Berba bitan esateko: alkar jagoteko.
Aterkiez gain, pegatinak be banatuko dira, papalean, osogarrietan edo beste leku ikusgarri batzuetan jarteko.
Guztira, 45 komertzio batu dira ekimenera, eta horreetan banatuko dira aterkiak, gitxieneko erosketa bat egitearren edo herritarrek komertzio horretan dauen konfiantza eta fideltasuna saritzeko.
Bermeon erosteak herriaren esentzia bizirik eustea laguntzen dau, eta alkar jagoteko modua da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!