Lekeitioko Jaiak danontzako dira
2025-08-27 09:01 Pil-pileanSan Antolinak: irailaren 1etik 8ra arte.

Lekeitiok prest daukaz San Antolin Jaiak, irailaren 1etik 8ra bitartean egingo diranak. Taldeak bajadarako mozorroak prestetan edota antzarretako potinentako kuadrillak atontzen dabiz daborduko. Udalak, herriko alkarteekaz batera, azken ikutuak emoten dabiz programazinoari, eta aurton mezu argia edegi gura dau: Jaiak danontzako dira.
Egitarauak kontzertuak, umeentzako ekintzak, ikuskizunak edota herri-bazkariak buztartzen ditu, danak bizikidetzea erdigunean jarriz.
Ander Aldazabal Etxeberriak, Lekeitioko Alkateak, adierazo dauenez, helburua argia da: ume, gazte, heldu eta nagusi, guztiok dogu jaiak kalean eta alkarren ondoan biziteko eskubidea eta aukerea. Aurton, danon artean, bizikidetzan eta errespetuan oinarritutako giroa sortzea gura dogu. Jente pilaketak, zarata eta bestelako egoerak dirala-eta, urte batzuetan ume eta edade nagusiko askok jai-girotik aldendu behar izaten dabe. Horregaitik, herritar guztiak animetan ditugu espazio eta gune guztiak guztiontzat atseginak izan daitezan.
Gainera, aurton, Lekeitiok uribildu eratu zaneko 700. urteurrena ospatzen dau.
Udalak eskerrak emon deutse jaiak atontzen eta giroa sortzen laguntzen daben alkarte, talde eta norbanako guztiei: jaietan biziten dogun auzolan ikaragarria ez da bera bakarrik egiten; lan handia dago atzean, eta hori da gure altxorra. Auzolana dala-eta, herri-bazkariak, txapelketak, kontzertuak, kalejirak eta bestelako ekintzak posible dira.
Betiko lez, Udalak ondoetorria emongo deutse munduko edozein txokotatik Lekeitiora bizitera etorri diran herritarei. Era berean, lan, osasun-arazo edo holako egoerengaitik jaietan parte hartu ezin dabenei, besarkada beroa helarazoten deutse.
Bestalde, jaiak askatasunean eta errespetuan oinarritutako espazioak dirala nabarmendu nahi da, eta herritarrei konbita egin jake horren alde egiteko.
Ikusi jaietako programazinoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!