Anboto, Puntua, Erlo TB, Baleike eta Aiurri irabazle 2020ko Tokikom Sarietan
2020-12-18 08:03 Euskerea berbagaiLekuan lekuko komunikabideek aurten egindako lanik onenak nabarmendu ditue.
Covid-19aren sasoietara egokitu behar izan dabe Tokikom Sariek aurten, baina ez deutse uko egin euren helburu nagusiari: lekuan lekuko euskerazko komunikabideen lanaren bikaintasuna aldarrikatu eta gizarteratu. Sariak emoteko ekitaldia ez da presentziala izan, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen aurkezpen umoretsua online eta Tokikomeko telebistetan ikusi ahal izan da.
2020ko Tokikom Saria Durangaldeko Anboto astekariak irabazi dau aurten. Zaldibarko Eitzaga auzoko zabortegiko istripu larriaren inguruan argitaratutako erreportaje zabalagaitik saritu dabe. Komunikabide nagusiek luze eta zabal jorratu eben hildako bat eta desagertu bat eragin zituan jazoera ha, baina Anbotok, eskura zituan baliabide guztiak erabilita, ikuspegi lokalagotik eta hurrekotik landu eban gaia.
Saria hartzeko momentuan Anbotokoek azaldu dabenez, Ekaitz Herrerak, Ainhoa Iraolak, Igor Galartzak eta Jone Guenetxeak idatzi eben erreportajea. Durangaldeko komunidadeari ahotsa emoten ahalegindu zirala dinoe, Eitzagako auzokideak erdigunean jarrita. Tokikom Sariko beste finalistak Hiruka eta Karkara izan dira.
Azalik onenaren saria Debagoienera joan da aurten. Puntua aldizkariak egindako azalaren lan grafikoa azpimarratu dau epaimahaiak, sinpletasunaren bidetik emoitza dotorea da eta. Beste finalistak Maxixatzen eta Guaixe izan dira.
Ikus-entzunezkorik onenaren saria be Gipuzkoa aldera joan da oraingoan. Zumaiako Baleike aldizkariak eta Urola aldeko Erlo Telebistak erreportaje sakona egin eben, Zumaian egon zan marea-errotearen inguruan. Dokumentalaren kalidadea ez eze, dokumentazinoan egindako ahalegina txalotu dau epaimahaiak. Beste finalistak Aiurri eta Guaixe izan dira.
Tokikom Sarien aurtengo edizinoan lehenengoz emon dabe Komunidadearen Saria, publikoaren lanik gogokoena aukeratzeko. Epaimahaiak bederatzi finalista aukeratu ditu, eta jenteak gustukoenaren alde emon ahal izan dau botoa. 1.297 boto jaso ditue. Irabazlea Beterri-Buruntzako Aiurri izan da, #Bertsovid-19 ekimenagaitik.
Edizino honetako epaimahaikideak honeek izan dira: EHUko Edorta Arana eta Tania Arriaga, eta Mondragon Unibersidadeko Zuriñe Maguregi.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!