Abenduak 18, Migratzaileen Nazinoarteko Eguna

Bizkaie! 2020-12-18 08:11   Pil-pilean

Bilboko Udalak Migratzailearen Nazinoarteko Egunaren harian, makinatxu bat ekimen aurreikusi ditu, besteak beste, Europako Kontseiluaren kanpainea, dibersidadearen aldeko eta bazterketaren kontrako BOSA! eskola-programea eta Bizkaiko uriburuko zurrumurruen kontrako agenteen sareen arteko urteko topaketea.

Nazino Batuen nazinoarteko jarduera honen bidez, migratzaileen eta eurak txertatzen diran komunidadeen aintzatespena egiten da. Egun honetan, gogora ekarten da komunidadeak danonn ahaleginen bidez berreregiten dirala.

Aukera parebakoa da gogoratzeko Migrazinoari buruzko Munduko Itunetik (Marrakech, 2018ko abenduaren 11 eta 12a) sortutako lankidetza-markoan estaduek onartu zituen konpromisoak. Konpromiso horreek 23 helburutan adierazo ziran, migrazino segurua, ordenatua eta erregularra lortzeko, esan dau Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak eta ondokoa nabarmendu dau: gure lanean oso presente daukagu Garapen Jasangarriaren Helburuen 2030eko Agendea. Agenda honetan, hainbat helburu ezartzen dira, migrazino eta mobikortasun ordenatuak ahalbidetzeko, berbarako, behargin migratzaileen lan-eskubideen babesa, batez be, emakume migratzaileenak eta enplegu prekarioak dituen personenak.

Horrezaz gan, Bilboko Udalak Herritartasunaren eta Dibersidadearen II. Udal Plana jorratzen dau politika publikoak gidatzeko kulturartekotasunaren ikuspegitik, urian gizarte-kohesinoa eta uri-garapena sendotzearren. Momentu honetan, Bilboko biztanleen % 14,2k (49.841 persona) atzerriko jatorria dau.

Trebezia, hezkuntza-ibilbide, hizkuntza-ezagutzea eta bestelako ezagutza ezbardinetako personek gero eta mobikortasun handiagoa dabe eta hori upealako baliabidea da migratzaileen bizi-proiektu barriaren helmuga bihurtzen diran uri askorentzat, adibidez Bilborentzat, esan dau Urtasunek.

Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziaren ustez, migrazinoko eta asentamenduko prozesuek erronka barriak ekarten deutsee gizarteari. Horregaitik, Udalak sarean lan egiten dau, enpresakaz, gizarte zibilagaz eta adituakaz batera. Gainera, inguruko beste uri batzuekaz batera jarduten dau dibersidadea kudeatzen laguntzen daben esperientziak eta ezagutzak konpartiduteko.


Europako Kontseiluaren kanpainea

Europako Kontseiluak (Bilbo Kontseiluko kidea izanik) programako kide diran 142 uriei proponidu deutse kanpaina bat egin deiela, Neure kulturarteko uriaz harro lemeari eutsiz. Kanpainea urietan eta sare sozialetan zabalduko da, jatorri migratzaileko udalerri bakotxeko bost personaren irudiagaz.

Bilboren kasuan, Muna, Tete, Cristina, Marcelle eta Cruzek Bilbo aukeratu daben migratzaile asko ordezkatzen ditue, beste askok bezela, Bilbo euren bizilekua izatea erabagi dabe, bizi-proiektu barriak hasteko, familiagaz batzeko, hazteko, ikasteko, lan egiteko, bizitza sozial, kultural eta ekonomiko aberats eta oparo batean parte hartzeko eta bizilagunen komunidade handi bateko kide izateko.

Kanpaina hau urian zabaldutako publizidade-euskarrietan ikusi daiteke, baita sare sozialetan be, kulturarteko urietako bizilagun askoren mezuak, hain zuzen be #WeTogether eta #ICCities traolakaz.


Eskolearen eremuan sensibilizazinoa sortzeko Bosa! programea

Urtero legez, Bilboko Udalak dibersidadearen aldeko eta bazterketearen kontrako Bosa! eskola-programea landu dau, DBHko 1., 2. eta 3. mailetako eta prestakuntza-zikloetako ikasle eta irakasleentzat. Helburu nagusia da nerabeak Giza Eskubide Unibersalak beteteko konpromisoan eduketako eta era guztietako urraketen aurrean sensibilizetako. Gaiaren harian, zinemea oinarrizko baliabide bat izango da, gaitasun kritikoa pizteko eta sakoneko auziez hausnartzeko, berbarako, justizia eta eskubideen bardintasuna persona guztientzat.

Abenduan, Bilboko 11 ikastetxetan, 1.158 ikaslek Awlad: Hesiak Gainditu dokumentala (Ane Irazabal eta Cósimo Caridi, Espainia, 2019, 60 min.) aztertu dabe. Eginkizun horretan, hezkuntzarako eskubidea ume askorentzat ez dala beteten ikasi dabe, euren jaioterrietan dagozan gerren ondorioz, gorabeheraz betetako bizitza bat ekarri deutsen. Filma ikusi ondoren eztabaidak, eta bizipen, informazino eta sormen-jarduerak egin dira.

Aurten, programea osasun-gomendioei egokitu jake eta parte hartu daben ikastetxeei online tresnak eskaini jakez programea jorratzeko, ikus-entzunezko proposamen bategaz batera, formatu hori daukana, lau kapitulugaz eta ikasgelan egin beharreko jarduera osogarriakaz eta material didaktikoakaz.


Zurrumurruen kontrako agenteen urteko topaketea

Aitatau efemeridearen testuinguruan, abenduak 19, zapatua, Bilboko zurrumurruen kontrako agenteen sarearen urteko topaketea egingo da goizean, online, udal estrategia honi lotutako 25 personaren parte-hartzeagaz. Estrategia honen helburua da immigrazinoari eta dibersdtdteari buruzko aurreretxi, estereotipo eta zurrumurruei aurre egitea.

Saio honetan, urtean zehar egindakoaren balantze zehatza atondu eta datorren ikasturterako lehentasunezko jarduketa-arloak identifikauko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu