EGOk Eneko Sagardoy eta Jone Martínez izango ditu bidelagun
2020-12-17 12:19 MusikeaEuskal Herriko Gazte Orkestreak bat egingo dau Beethovenen urteurreneko ospakizunakaz.
EGO Euskal Herriko Gazte Orkestraren neguko topaketearen aurkezpenean izan da gaur Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroailea. EGOk, abenduaren 26tik urtarrilaren 5a bitartean, 46 musikari gazte eta izen handiko sei irakasle batuko ditu, Musikenen (Donostia) egingo dan neguko topaketarako. Denpora horretan zehar, musikari gazteek egitarau zorrotz bati egingo deutse aurre, ondoren eskainiko dauen birako errepertorioa lantzeko. Kontzertu birea urtarrilaren 2an hasiko da Donostian (Kursaal), urtarrilaren 3an Gasteizen (Principal Antzokia) eskainiko dau hurrengo kontzertua, urtarrilaren 4an Bilbon egingo dau bere agerraldia (Euskalduna) eta Getxon (Muxikebarri) emongo deutso amaierea urtarrilaren 5an goizean eskainiko dauen kontzertuagaz.
Orkestra gazteak bat egingo dau Beethovenen 250.urteurreneko ospakizunakaz. Rubén Gimenor zuzendari artistikoaren eretxiz, Beethoven, duda barik, musikearen historiako giltzarrietako bat da eta alde teknikotik begiratuta, barriz, ezinbesteko garrantzia dau neguko topaketan zehar gazte orkestreagaz egingo dogun lanean, aipatu konpositorearen musikeak.
Bohn-eko handiaren adierazgarri diran obra bi izango dira topaketearen amaierako kontzertu biran protagonista: abandonetearen eta traizinoari buruz, soprano eta orkestrarako Ah perfido aria eta eszena eta Egmont epikoa izango dira, Heroiak titulupean, egitarau honen ardatza.
Lan hori gauzatzeko, izen handiko irakasleakaz izango dira, horreetako batzuk euskal talde nagusietatik datoz, Euskadiko Orkestratik eta Bilbao Orkestra Sinfonikotik eta beste hainbat erakunde eta talde ezagunetakoek be hartuko dabe parte: Gran Teatre del Liceu, London Symphony, Vienako Orkestra Filarmonikoa, baita Musikeneko egungo hainbat irakasle be.
Jone Martínez soprano gazteak eta Eneko Sagardoy aktoreak bat egingo dabe lehenengoz EGOgaz eta soprano eta narratzaile lanetan ibiliko dira, hurranez-hurran
Jone Martínezek amaitu barri ditu Musika Lengoaiaren Pedagogian eta Musika Hezkuntzako ikasketak Musikenen, baita ahots ikasketak be Maite Arruabarrena eta Maciej Pikulskigaz be. Era berean, Carlos Menagaz egin ditu ikasketak eta antxinako musikan espezializau da. Musika jaialdi nahiz ziklo garrantzitsuetan ibilten da.
Eneko Sagardoy etorkizun handiko euskal aktore gazteak, Goya Saria irabazi eban, errebelazino aktore onenari. 2020. urtean, beste proiektu askoren artean, Sagardoyk, HBOren Patria telesailean parte hartu dau, baita ETBren Hondar ahoan telesailean be.
Passion for music
Neguko topaketan, udako topaketearen antzera, Passion for music izeneko jarduereagaz osotuko da programea. Beste batzuen artean, Realeko coach dan Imanol Ibarrondoren eskutik, autokonfiantzea, ansietatearen kudeaketea, bildur eszenikoa eta kirol-ekintzari zuzenean lotuta dagozan beste arlo batzuek landuko dira motibazino-berbaldi batean. Aspektu horreek guztiak baliogarriak dira baita musika-jarduerarako eta modu zehatzagoan, orkestra-jarduerarako be.
EGO (Euskal Herriko Gazte Orkestrea) 1997an sortu eban Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, izakera estrategikoko proiektu bezela, lurraldeko musikari gazteei zuzenduta eta hasieratik izan dau BBK, Kutxa eta Vital Fundazinoen babesa.
Kontzertuak
Urtarrilaren 2an, Donostiako Kursaal Jauregian, 19:00etan.
Urtarrilaren 3an, Gasteizeko Principal Antzokian, 19:00etan.
Urtarrilaren 4an, Bilboko Euskalduna Jauregian, 19:00etan.
Urtarrilaren 5ean, Getxoko Muxikebarrin, eguerdiko 12:00etan.
Sarreren salmenta eskuragarri dago antzoki eta auditorioetako webguneetan, nahiz www.egofundazioa.eus helbidean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!