Bilboko Kafe Antzokiak bideoan batu dau mende laureneko ibilbidea

Bizkaie! 2020-12-16 12:11   Musikea

25 urte bete barri, beste horrenbeste egiteko gogoz dagoz hango kideak.

1995eko abenduaren 15ean inaugurau eben Bilboko Kafe Antzokia, sasoi haretan barritzailea zan idea baten inguruan. Momentuan momentuko jokerei kasu eginaz, euskal kulturearen agertoki eta euskaldunen topaleku izateko asmoz jaio zan, eta, 25 urte geroago, horri eusten deutse. Halandabe, urteurreneko ospakizunak egokitu behar izan ditue, Covid-19aren erruz. 

Horrenbesteko babesa emon deutsan jenteagaz ezin dau ekitaldirik antolatu Kafe Antzokiak. Beraz, ospakizuna beste era baten eroango deutse publikoari. Bilboko Udalagaz lankidetzan, bideo sorta bat atondu dabe, Kafe Antzokiaren mende laureneko ibilbidearen unerik gogoangarrienak batzeko. Kafe Antzokiak 25 urte izenburupean, ordu lauren inguruko 25 bideo dira. 

Antzokian egindako kontzertu eta bestelako ekitaldiak agertzen dira bideoetan, baita protagonista izan diranen ikuspuntua be. Hertzainak, Zea Mays, Aitor Etxeberria, Mikel Urdangarin Pi L.T eta beste asko dagoz parte-hartzaileen artean. 

Zuzeneko emonaldien zertzeladak, bai eta artisten zein Kafe Antzokiko lagunen eta ikusleen testigantzak be, hori da bideoetan topauko doguna, Kafe Antzokikoen esanetan. Azken finean lagun artean egindako saio bat da. Bideoak ikusi hemen.

Udalak #BilbaoAurrera planaren bidez emon dau bideoak egiteko laguntzinoa. Besteak beste, kultura arloko eragileei eta sareari bultzadea emoteko sortu dabe plan hori, Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko. Udalak azaldu dauenez, Kafe Antzokia ezinbesteko erreferentzia da kulturan, eta euskal kulturearen eta euskerearen ikur be bada

Udabarritik zarratuta dago Bilboko Kafe Antzokia, Covid-19ari aurre egiteko neurriak dirala eta. Hortaz, 25. urteurrena ez jako momenturik onenean heldu. Dana dala, halako efemeride esanguratsu bat ospatzeko gogoz dagoz hango arduradunak, eta mezu argia zabaldu dabe: Mende lauren beteta, beste horrenbeste beteteko indarra eta gogoa daukiez, eta laster jarduereari berrekiteko lanean dabiz. 25+1 urteurrena merezi dauen moduan ospatuko dogu, agindu dabe. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu