'Alkar ezagutu, alkar onartzeko'

Bizkaie! 2020-12-16 09:33   Euskerea berbagai

Immigrazinoa eta euskerea buztartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko udaletako politika barriak aztertu ditue.



Mireia Zarate Sabino Arana Fundazinoko presidenteak partaide guztiak agurtu eta sarrera berbaldian gogoratu dau immigrazinoari buruzko beste mintegi bat etondu ebela alkarlanean 2019an, Fundazinoak eta Euskaltzaindiak, gurean diran hizkuntzen arteko bizikidetzearen inguruko alderdiez gogoetea egiteko helburuz, euskerearen ikuspegitik. Gai horretan gehiago sakondu gura izan dogu eta Euskadiko udalen tokiko esperientzia eta jardunbide egoki batzuk plazaratu gura izan ditugu, bide horretan topautako trabei erreparauta.

Beste alde batetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak ondokoa adierazo dau: premiazkoa da euskal herritar barriakaz bat egin, euren eretxi eta asmoak jakitea, bidea argi baitago: batetik, euskal herritar barriak erakarri egin behar ditugu, geure gizartearen parte aktiboa dirala sentiarazoz; bestetik, erakunde eta alkarte ezbardinen artean adostasunak bilatu behar ditugu eta helburu hori gauzatzeko baliabideak jarri.

Mintegiko lehen berbaldian, Begirune Fundazinoko José Antonio Oleagak inklusinoaren eta gizarteratzearen arloan gauzatzen gagozan zenbait politika publiko azaldu ditu, bai eta euskereak testuinguru horretan dauen lekua be. Holan, gizarteratze-eredu zenbait aurkeztu ditu, datu ugari mahairatuta, esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoan euskera maila ona daben euskal herritar barrien kopurua txikia dala autortu dau (% 6,1). Hori bai, gure Hezkuntza sisteman dagozan gazteek euskerearen ezagutza handiagoa dabela be azpimarratu dau. Eta bestelako ondorio esanguratsu bat be agertu dau: herri txikietan, inklusinorako jokera handiagoa dagoala uri handietan baino. Halan da be, galdera zirikatzailea bota dau: Zenbaterainoko euskaldun izaten ixten deutsegu batzuei eta bestetzuei?. Amaitzeko, Oleagak gogoratu dau euskal herritarra izateko modu asko dagozala eta etorkizunean be holan izango dala.

Ostean, Xabier Aierdi Begirune Fundazinoko kideak ideia bat azpimarratu dau, immigrazinoa serio hartu behar dogula, udal plangintza guztietan kontuan izanez, egoera barriari aurre egiteko teknikariak kontratauta eta bestelako neurri batzuk hartuta.

Arazoari aurre egiteko ekatx perfektua sortu behar dala esan dau Aierdik: Immigrazinoa kontuan hartuta, batez be euskereari lotutako plangintzetan; azpi-kolektiboak identifikau, euskerearen presentzia soziala kontuan hartu, eskola hizkuntza-eremuetan sendo kokatu, Hezkuntza-sistemearen berrazterketa
sakona egin, egoera barrietara egokitu daiten, eskola proiektuak indartu, udalak gehitu, gizarte sareak erakarri, birgizarteratze laborala eta linguistikoa lotu, eredugarritasuna bultzatuz, gizarte integrazinoa eta hizkuntza integrazioa bi-biak kontuan izatea ardatz hartuta.

Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazu ikertzaileek herri euskaldunetan bizi diran migratzaile erdaldunen bizipen eta eretxiei buruz jardun dabe. Azpeitia, Baztan, Berastegi, Dima, Etxarri-Aranatz, Igantzi, Ikaztegieta, Lekeitio, Mutriku, Muxika, Ondarroa, Oñati eta Orion eginiko inkestearen emoitzak plazaratu ditue ikertzaileek. Bide batez, euskerearen ikaste prozesuaren ezaugarriak be azaldu ditue, hau da, etorkinen euskerearen ezagutzea handitzen ahalbidetu daben faktoreak: umeak eta eskolea, egiten dituen lan muetak zein hartu-emon-sare trinkoak... Aztertutako herri gehienetan immigranteen erdiek astia hartu dabe euskerea ikasteko, azaldu dabe Eizagirrek eta Urrestarazuk, baina kontuan izan behar da euskerearen arnasguneetan bizi dirala danak.

Kulturen arteko lankidetza Jardunaldiaren bigarren atalean, udal ordezkariek tokian tokiko esperientziak mahairatu ditue.

2013-2017ko Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren nondik norakoak be konpartidu ditue entzuleakaz, esanaz baliabide barriak sortu behar dirala immigranteei laguntzeko eta, era berean, uriko eragileen arteko komunikazino-kanalak sortu behar dirala, kasurako, udalaren Aniztasun Zerbitzuagaz batera... Amaieran, hiru idea-gako formulau ditue Gasteizko teknikariek: elebakartasuna ezinezkoa da; eleaniztasuna da hizkuntza txikiek eta ertainek bizirik irauteko daben biderik onena; eta bardinetik bardinera jokatu behar dala, integrazinoa norabide bikoa baita: alkar ezagutu, alkar onartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu