17 erakundek jaso dabe aurten Bikain euskerearen kalidade ziurtagiria
2020-12-16 08:11 Euskerea berbagaiBederatzi erakundek goi-mailako ziurtagiria jaso dabe, lauk erdi-mailakoa eta beste lauk oinarrizkoa.
Bilboko Euskalduna Jauregiak Bikain euskararen kalidade ziurtagiriak emoteko ekitaldia hartu dau bart. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeroailea izan da ekitaldiaren buru. Bertan izan da Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran be. Aurtengoa Bikain ziurtagiriak emon diran hamabigarren urtea izan da eta danetara 17 erakundek jaso dabe; horreetatik bederatzik goi mailako urrezko Bikain egiaztatu dabe, lauk erdi mailakoa dan zidarrezkoa eta beste lauk oinarrizkoa. Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian ziurtagiria jaso daben erakundeetako ordezkariak eta Bikain prozesuaren jarraipena egiten dauen Artezkaritza kontseiluko kideak egon dira. Gainontzekoek streaming bidez izan dabe ekitaldia jarraitzeko aukerea.
Euskerea lan munduan sustatzea helburu dauen proiektu honek enpresa eta erakundeetan euskerearen presentzia, erabilerea eta kudeaketea egiaztatzen ditu. Aurten osasun egoerearen ondorioz, ebaluazino prozesuak online egin dira lehenengoz.
Paleta bizia lemapean egin da gaurko ekitaldia, hain zuzen be, hizkuntzen kudeaketeak dauen kolore aniztasuna adierazoteko: ahaleginarena, gozamenarena, konpromisoarena, ardurearena.
Lorpen eredugarriak
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiriak azpimarratu dauenez, eguneroko jarduera sozioekonomikoetan, gure eguneroko lan eta antolakuntza-jardueretan euskereak bere lekua izan daian, alkartez-alkartez, enpresaz-enpresa, erakundez-erakunde zailtasun eta eragozpen askoren gainetik egindako lana, ahalegina eta lorpenak eredugarriak dira. Zupiriak gaineratu dauenez, bikaintasunaren aldeko jarrera horri esker, enpresa eta zerbitzu horreetan bizirik dago euskerea, mobimentuan, hornitzaileakaz edo herritarrakaz izaten dituzuen eguneroko hartu-emonetan eta produkzino-prozesu eta erabagiguneetan.
Halan da be, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurretik dagozan zereginak be azpimarratu ditu: gauza asko dago – daukagu - oraindino eginkizun, euskereak lan-munduan jagokon ezarpen eta erabilpen-mailea lortu arte. BIKAIN-Sarion eragiletzeak eta autorpenak eragozpen asko gainditu beharko ditu oraindino be, baina, zailtasunak-zailtasun, jarrerea izango da beti aurrera egiten lagunduko deuskuna. Bikaintasunaren jarrerea.
17 ziurtagiri
Danetara, 17 erakundek jaso dabe Bikain euskerearen kalidade ziurtagiria. Hamaika erakunde pribatuak dira eta sei publikoak. Tartean dagoz udalak, osasun arloko erakundeak, kirol arlokoak, kultur alkarteak, merkataritza alorrekoak...). Honakoak dira aurten Bikain ziurtagiria jaso daben erakundeak:
- Goi mailako Bikain:
Bitoriano Gandiaga Fundazinoa.
Artxara.
Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos.
Isladak Aholkularitza Kooperatiba Alkarte Txikia.
Bergarako Udala.
Emakunde.
Markina-Xemeingo Udala.
Berbaro.
Mondragon Korporazino Kooperatibea.
- Erdi mailako Bikain:
Armeria Eskola LHII.
Errota Arratiako Garapen Sozioekonomikorako Fundazinoa.
Basque Team.
Osatek S.A (Zumarraga).
- Oinarrizko Bikain:
UPV/EHU (Kimika Fakultadea).
EUDEL-Euskadiko Udalen Alkartea.
Tabira Berezi S.L.
Ortuellako Udala.
2008an Bikain ziurtagiriak lehenengoz emon ziranetik danetara 410 erakundek jaso dabe: 173 erakundek goi mailako ziurtagiria, 161-ek, tartekoa eta 76-k oinarrizkoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!