Hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusia atzeratu egingo dabe

Bizkaie! 2020-12-15 13:40   Bertsolaritzea

Osasun egoerea kontuan izanda, txapelketea behar dan moduan egiteko bermerik ez dago.

2017ko Txapelketa Nagusiko finala, BECen (argazkia: Gari Garaialde/XDZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

2021eko irailean izan da hastekoa Bertsolari Txapelketa Nagusia, aurrekotik lau urte pasauko dira eta. Baina Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak ohar baten jakitera emon dauenez, txapelketen zikloa atzeratu egin behar izan dabe, pandemiaren eraginez. Hortaz, 2021eko udagoienean, behinik behin, ez da Txapelketa Nagusirik jokatuko, eta ez dakie noiz egin ahal izango dan.

Ohikotik gitxi dau egoereak, eta nekez beteten dira txapelketea behar dan moduan gauzatzeko baldintzak, azaldu dabe Alkartekoek oharrean. Pandemiaren eraginez, agirikoa da bertso saio ugari bertan behera geratu dirala eta bertso-eskolek zailtasunak dituela eguneroko martxeari eusteko. Ganera, orain pentsaezina dan jente moltsoa alkartzen dauen ekitaldia da txapelketea, gogoratu eragin dau Alkarteak.

Ondorioa garbia da: Osasun erespideak aintzat hartuta, izan leiteke momenturen batean bertsolariren bat parte hartu ezinik geratzea. Hasi eta amaitu, txapelketea gauzatzeko bermerik ez dago.

Txapelketa Nagusiaz gan, herrialdekako txapelketen zikloa be atzeratu egingo da. 2021ean jokatu beharreko Nafarroako eta Arabako txapelketak ez dira aurreikusitako momentuan egingo, orain dala aste batzuk erabagi zanez. Aurtengo udagoienean jokatzen hasi ziran beste bi be atzeratu egin ditue, oraingoz berrekiteko data zehatz barik: Bizkaiko Txapelketea eta Xilaba. 

Kontuan izan behar da, herrialdeetako txapelketak Nagusirako sailkatzeko be baliozkoak izaten dirala, eta, hortaz, batzuk atzeratzen badira, bestea be atzeratzea da zentzunezkoena. Pandemiaren bilakaerearen eta bertsolaritzearen egoerearen arabera erabagiko dau Alkarteak lehiari noiz berrekingo deutsen, baina oraingoz ezin da aurreikuspenik egin.

Edozelan be, bertsolaritzaz gozetako guneak bultzatzen eta antolatzen jarriko dogu indarra urte barrian be, dino Alkarteak. Osasun neurriakaz bat datozan protokoloak adostu ezkero, kulturea eta bertsolaritzea bizigarriak dira. Herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri eta plazea sustatzeko ekimena aurkeztuko dabe laster.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu