First Lego Leagueren egoitza bihurtuko da Euskadi Innobasqueren eskutik

Bizkaie! 2020-12-15 13:18   Pil-pilean

Urtero, mundu osoko 110 herrialdetako 6 eta 16 urte arteko 560.000 ikasle baino gehiago batzen dituan hezkuntza-programea da.

Zientzia, teknologia eta olgetea dira gizarte aktiboagoa eta barritzaileagoa atontzeko euskal gazteriak erabili beharko dituan osagaiak. First Lego League barriro be Euskadin izango da Innobasqueren, Barrikuntzearen Euskal Agentziaren, eskutik. Mundu zientifiko-teknologikoa eta konpetentzia digitalak modu ezbardin eta dibertigarrian gazteei eta umeei hurreratzeko helburua dau ekimenak.

Innobasquek Deustuko Unibersidadeagaz, Donostia Sustapenagaz eta Mondragon Unibersidadeagaz batera atontzen dau programea Euskadin; hiru erakunde horreena da karrera zientifiko-teknologikoen alde ikasleen artean interesa pizteko konpromisoa, holan zientziara, problemen ebazpenera eta barrikuntzara hurreratuta. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundien babesa jaso dau.

Pandemia dala eta urte berezia izan dan honetan, STEAM (zientzia, teknologia, injinerutzea, artea eta matematika) hezkuntza eta horren espiritua txiki-txikitatik bultzatzea inoiz baino beharrezkoagotzat jo dabe. Horregatik, Innobasquek eta aitatu erakundeak aurrera doaz First Lego League Euskadiren alde.
Aurten lehentasun nagusiak segurtasuna eta neurri soziosanitarioak dira eta konpromiso horri eutsiz, First Lego League Euskadik Euskadiko ikastetxe guztiak gonbidau gura ditu sei hilebeteko iraupena izango dauen edizinoan izena emon deien 2021eko urtarrilaren 31ra bitartean hemen


First Lego League Euskadi

Nazioarteko hezkuntza-programea da eta, urtero, mundu osoko 110 herrialdetako 6 eta 16 urte arteko 560.000 ikasle baino gehiago batzen dituana. Horren barruan, erronkea bakarra da. Kategoria bitan banatuta dagoz: 6 eta 9 urte artekoen kasuan, First Lego League Explore programeagaz lehen kontaktua izaten dabe txikienek; eta 10 eta 16 urte artekoak, barriz, First Lego League Challenge erronkan sartuko dira.

Aurten, erronkearen izena RePLAY izango da eta horren barruan, olgetako, kirola egiteko eta mobiduteko gure modua barriro zehazteko eta horretan iraultzea eragiteko erronkea egingo jake taldeei: “Geure burua aktibetako sasoia da!” lemea erabiliko da ikasleak animetako sasoian jarten jarraitu deien, sedentarismoari aurre egiteko edo beste era batera olgetako lagungarriak litzatekezan urtenbide barritzaileak aurkeztu deiezan. Aurtengo erronkeak kutsu berezia izango dau, izan be, taldeek jardueretan eta kiroletan COVID-19agaz lotuta sortutako arazo barriak konpontzeko aukerea izango dabe.

Hamabi urteko ibilbidea dau First Lego League Euskadi eta lurralde osoan STEAM hezkuntzearen programa nagusia dela esan daiteke. Gainera, balio diferentzial handia dakar: Espainia parekorik ez dauen prestakuntza-tailerren zikloa eskaintzen dau.

Euskadiko enpresen, zentro teknologikoen eta unibersidadeen babesari esker, Barrikuntzearen Euskal Agentziak edizino bakotxeko erronkeagaz lotutako prestakuntza-tailerrak jorratzen ditu Euskadiko ikasleek ikerketa, zientzia eta teknologia arloetako langileek eta lan profesionala proponidutako erronkearen esparruan lantzen daben adituen lana hurretik ezagutu deien. Ikasketa teknikoak egitea erabaki ezkero, zer lanbide izan ahalko leukien erakutsi gura jake gazteei eta umeei.

Gaur egungo gizartean, inoiz baino beharrezkoagoak dira gaitasun zientifikoak eta teknologikoak dituen personak eta horrezaz jabetuta, Innobasquek, Deustu Unibersidadeagaz, Donostia Sustapenagaz eta Mondragon Unibersidadeagaz batera, First Lego League Euskadi eskaintzen dau ikasleek konpetentzia horreek modu estimulatzailean landu deiezan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu