Hizkuntza politikan adostasunak eskatu ditu Kontseiluak

Bizkaie! 2020-12-15 13:29   Euskerea berbagai

Urteko balorazinoa egiteaz gan, irudi barria aurkeztu dau.

Donostiako Aquariumean egin dabe agerraldia (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostian agerraldia egin dabe Euskalgintzaren Kontseiluak eta beste eragile batzuek, euskerearen eta hizkuntza politikearen arloan urteak ekarri dauenaren balorazinoa egiteko. Covid-19ak eragindako kalteak azpimarratu ditue, eta horrek egoera larria agirian itxi dauela uste dabe Kontseilukoek. 

Herritar guztiei euskeraz egiteko eskubidea bermatzeko eta ezagutzearen unibersalizazinoa lortzeko, hizkuntza politiketan adostasun sozial eta politikoak eregiteko eta konpromisoak hartzeko ordua heldu dala adierazo dau Kontseiluak. Horretarako, dinamika barria ipiniko dau martxan laster. 

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren arabera, pandemiak erakutsi dau euskalgintzea makala dala eta hizkuntza politikek mugak dituela. Gizartearen erdigunean ez dagozan beste norbanako eta eragile askori jazo jaken legez, euskerea be bazterrean geratu da Covid-19aren sasoian. Horregaitik, batzeko deia egin dau Bilbaok.

Ekitaldian parte hartu daben beste eragile batzuetako ordezkariek bat egin dabe diagnostikoagaz, esate baterako Behatokiko Agurne Gaubekak eta Bertsozale Alkarteko Jon Agirresarobek. Behin eta barriro zapaldu ditue pandemian hizkuntza eskubideak, eta herritarren ondoizatean eragina izan dau, nabarmendu dau Gaubekak. 

Oztopoei aurre egiteko herri-gogoa txalotu dau Paul Bilbaok. Euskaraldiak izandako oihartzuna izan da horren adierazgarrietako bat. Pandemiak baldintzatutako ariketa soziala izan dan arren, balio izan dau inertzia batzuk astintzen jarraitzeko eta euskerea agendara ekarteko, azaldu dau Euskaraldiko koordinatzaile Arrate Illarok. 

Covid-19az aparte be, euskerearen kontrako erasoak egon dira 2020an, Kontseiluak gogora ekarri dauenez. Halandabe, aurrerapausuak be nabarmendu nahi izan ditue: Hamar talde parlamentariok Espainiako Kongresuan hizkuntza gitxituen alde aurkeztutako ekimena, Euskerea Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana, Hiriburuko eskolan murgiltze-eredua ezarteko baimena eta beste batzuk. 

Hortaz, pausuak geuretik egiten segiduteko deia egin dau Paul Bilbaok: Inoz baino garrantzitsuagoa da alkartzea, herritarrek modu aktiboan jardun behar dabe, eta euskalgintzako eragileok adostasunak lortu eta agirian geratu diran gabezia eta erronkei aurre egiteko neurriak hartu behar doguz.

Azkenik, 2020an hil diran euskalgintzako eragile bi gogoratu ditu Kontseiluak, Joxe Mari Auzmendi eta Joan Mari Torrealdai. Ederto dakigu zenbat lan egin daben eta zenbat zor deutsen euskalgintzeak, adierazo dau Bilbaok. Biak Kontseiluaren hur-hurreko laguntzaileak zirala ganeratu dau.

Izen eta irudi barria

Urteko balorazinoa egiteko Donostian antolatutako agerraldi publikoa aprobetxau dau Kontseiluak, irudi eta izen barriak aurkezteko. Aurrerantzean, Euskaltzaleen Kontseilua izango da erakundearen izen osoa (Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseilua izan da orain arte). Irudia,  ostera, argia, sotila, eguneratua eta egungo euskarrietarako egokitua da, Paul Bilbaoren arabera. 

Izen eta irudi barriakaz batera etorriko diran egokitzapenak hurrengo egunotan igarriko doguz, esate baterako, webgunearen diseinu barria. Egunerokoan legez, markearen ikuspegitik be garai barrietara egokitzeko pausua egin dogu, dino Bilbaok, zailtasunak zailtasun, aurretik doguzan erronkei heltzeko indarbarrituta gatoz

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu