Opari txartelak saltzen hasi da Arriaga Antzokia

Bizkaie! 2020-12-14 12:49   Kulturea

Txarteldegian zein online, % 25erainoko deskontuak lortu leitekez.

Arte eszenikoen zaletasuna bultzatu eta publikoari antzokira joateko erraztasunak emoteko asmoz, deskontu txartelak atera ditu Bilboko Arriaga Antzokiak. Antzezlan, opera, kontzertu eta jantza-ikuskizunetara joateko balio izango dau. Arriagako opari txartela oparitzen dauenak, emozino bikain eta parebakoak oparitzen ditu, esan dabe antzokiko arduradunek. 

Dagoeneko salgai dagoz opari txartelak, 40 eta 100 euroko prezioetan, eta bagilera arte erabili ahal izango dira. Sarrerak erostean, ikuskizunaren eta txartelaren balioaren araberako deskontua izango dabe erabiltzaileek, gehienez % 25ekoa. Saldoa agortu arte erabili leiteke bonu bakotxa. Txarteldegian bertan zein online erosten diran sarreretan balio dau.

Txartelak beste onura bat be emoten deutso erabiltzaileari: behin saldoa agortuta, Arriagako Adiskide karneta eskuratu ahal izango dau doban. Antzokiaren lagunek deskontuak eta beste abantaila ditue denporaldian zehar. 

Opari txartela salgai dago Bilboko Informazino Bulegoan eta Arriagako txarteldegian. Kulturea sustatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak ateratako bonuek be balio dabe opari txartela pagetako. 

2013an plazaratu eban lehenengo aldiz Arriaga Antzokiak era honetako opari txartelen kanpaina bat, zale barriak erakarteko asmoz. Harrezkero, urtero-urtero arrakasta handiz saldu dira, beti Gabon bueltan. Aurten, beraz, zortzigarren kanpainea izango da. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu