Bideo lehiaketa bategaz amaituko da Botaba
2020-12-14 11:08 Euskerea berbagaiEuskerazko esamoldeak gazteei hurreratzea da asmoa.
Urtea amaitzeagaz batera, Labayru Fundazinoaren Botaba ekimena be amaitu egingo da, oraingoz behinik behin. Bideo lehiaketea jarri dabe martxan, Instagram sare sozialaren bidez, eta irabazleari iPhone 12 minia emongo deutse. Abenduaren 20ra arte dago parte hartzeko epea zabalik.
Samuel L. Jackson aktore amerikarrak Donald Trumpen kontrako bideo baten erabilitako Zoaz popatik hartzera esaldia da bideo-lehiaketearen oinarria. Beste hizkuntza askoren artean, euskerazko esaldi hori erabili eban presidenteari alde egiteko eskatzeko, eta horrek biral bihurtu eban Jacksonen bideoa euskaldunen artean. Lehiaketan, gazteek popatik hartzen bialdu esamoldearen beste aldaera batzuk erabili beharko ditue, begien aurrean ikusi ezin daben horri esateko, bideo labur eta original baten bidez.
Botabaren beste lehiaketetan egin daben legez, @botabaunibertsoa perfilean ezagutarazoko ditu Labayruk popatik hartzen bialdu esateko beste modu batzuk, eta ariketen bidez sakonduko dabe. Holan, parte-hartzaileek oinarri eta aukera zabalagoak izango ditue euren bideoak egiteko.
Euskerazko esakuneen mundu aberatsa gazteen artean zabaltzea da Botaba ekimenaren helburu nagusia. Horretarako, lehiaketak eta bestelako erronkak antolatu ditue. Sarritan, pertsonaia ospetsuen eredua erabili dabe, eta sari potoloak be emon ditue. Modu dibertigarrian ahozko euskerea aberastu eta erabilerea bultzatu dau Labayruk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!