Atxaga, Erresuma Batuko liburu-saltzaileen gogokoenen artean

Bizkaie! 2020-12-14 10:06   Kulturea

Behi euskaldun baten memoriak urteko hogei liburu onenen zerrendan sartu dabe.

Aurten kaleratu dau Dedalus argitaletxeak Memoirs of a Basque Cow, Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak liburu ezagunaren ingelesezko itzulpena. Margaret Jull Costa izan da itzultzailea. The Guardian egunkariak plazaratu dau urteko hogei liburu gomendagarrienen zerrendea, eta hor sartu dabe Atxagaren lana. Erresuma Batuko liburu-saltzaileen eretxia izan da zerrendea egiteko oinarria. 

Liburu-saltzaile independenteen gomendioak batu ditu The Guardian-ek, urteko zerrendearen osogarri. Bernardo Atxagaren liburua Norwicheko Henry Laytek aitatu dau, The Book Hive liburu-dendearen arduradunak. Liburu-dendarik ez baneu eukiko, jaso gura neukezen hiru liburu aukeratu ditu Laytek, eta Behi euskaldun baten memoriak dago tartean.

1991n argitaratu eban Bernardo Atxagak Behi euskaldun baten memoriak. Balantzategi baserrian jaio zan Mo behiaren ibilerak kontetan ditu liburuak, behi baten gogoetetatik bere ingurua aztertzeko ahaleginean. Espainiako Gerra Zibilaren osteko urteetan kokatutako istorioa da. 

Behi euskaldun baten memoriak irakurleen gustuko bihurtu zan argitaratu eta berehala. Horregaitik, hamabost hizkuntzatara itzuli dabe: Gaztelaniara, frantsesera, arabierara, ukrainierara... Aurtengo zezeiletik ingelesez be irakurri leiteke. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu