Gaur, hilak 3, 'Gazako garrasia' erakusketea inaugurauko dabe
2026-02-03 12:05 KultureaSorkuntza artistikoaren bidez salaketa egitea eta konzientzia biztea dau helburu.
Palestinako herriak, batez be, Gazako Zerrendako biztanleek, bizi daben egoera larriak nazinoarteko alkartasun adierazpen ugari eragin ditu azken urteotan. Gazatik heltzen diran irudi gogorren aurrean, gizarteak ekimenen bidez erakutsi dau babesa eta hainbat sortzailek artearen bidez erantzuten dabe. Sensibilizautako artistek, sorkuntza artistikoa adierazpide hartuta, Gazan eta munduko beste hainbat lekutan pasetan dabizen injustiziak salatzeko konpromisoa hartu dabe, giza eskubideen urraketak agirian itxiz.
Testuinguru horretan, Eskuhaldunak Eskultoreen Alkarteak Gazako garrasia izeneko erakusketea atondu dau, Gazako herritarren sufrimendua eta bizi daben egoerea ikusgai jarteko. Alkarteak, artea tresna konbertiduten dau salaketarako eta konzientzia bizteko. Halanda ze, bertoko artistek argi adierazo gura dabe Gazan bizi dan egoera larria ezin dala normalizau, ezta isilarazo be.
Eskultura erakusketea: zezeilaren 3tik 27ra ikusgai
40 artelan baino gehiagok eta azalpen panelek osotzen dabe erakusketea. Gazako egoera ikuspegi artistiko eta kritiko batetik ezagutzeko aukera parebakoa eskaintzen dau. Artelanak, sorkuntza artistikoaren bitartez, Gazako herritarren bizi daben sufrimendua eta errealidadea erakusten ditue, bisitariek testuingurua eta mezua modu osotuan ulertzeko aukerea izan deien. Parte-hartzen daben artistek, esaterako, Rouhaifa Kassem artista gazatarra, gaur egun Bilbon bizi dan errefujiadua, hareen lanen bidez Palestinako herriak jasaten dauen injustizia salatu eta ikusgarri egin gura dabe.
Erakusketea gaur inaugurauko da, zezeilaren 3an, 19:00retan, Erakusketa Gelan. Zezeilaren 3tik 27ra egongo da ikusgai eta bisitariek Gazako errealidadeaz gogoeta egiteko aukerea izango dabe.
Amorebieta-Etxanoko Udalak kultura ekimenen eta giza eskubideen aldeko sensibilizazino jardueren bidez herritarrak konzientziatzeko dauen konpromisoa berretsi dau eta arteak errealidade konplejuak ulertzeko eta eztabaida soziala sustatzeko dauen balioa azpimarratu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
