Damaris Pan eta Matthias Malefond, 'Kometa' proiektuko hautatuak

Bizkaie! 2026-02-05 11:04   Kulturea

Mugaz gaindiko lankidetzea eta hartu-emonak sustatzea da asmoa.

Etxepare Euskal Institutuak, Uharte Arte Garaikideko Zentroak eta Zébra3 alkarteak Kometak proiektuaren arte plastiko eta ikusizkoen eremuko lehen egonaldirako sortzaileen izenak ezagutarazo ditue. Kometak proiektuaren helburua Euskal Herriko eta Akitania Barriko kultur eragile eta sortzaileen arteko mugaz gaindiko lankidetzea eta hartu-emonak sustatzea da. Lehen edizinoaren barruan, Akitania Barriko sortzaile batek Uharte Arte Garaikideko Zentroan gauzatuko dau egonaldi artistikoa; eta, Euskal Herriko sortzaile batek, Bordeleko Zébra3n.

Euskal Herritik Damaris Pan sortzailea aukerau dabe proiektuko kideek Bordelen sorkuntza-egonaldia egiteko. Halanda ze, Zébra3 difusino eta produkzino-zentroan izango da apirilaren 13tik maiatzaren 24a arte. Era berean, Akitania Barriko Matthias Malefond sortzailea Uharte Arte Garaikideko Zentroan izango da apirilaren 6tik maiatzaren 15era arte. Sortzaile biek ikerketarako, esperimentazinorako eta lankidetzarako aukera bezela baliatuko dabe jagokien arte-egonaldia.

Sortzaileen aukeraketa deialdi bidez bideratu da. Guztira, 58 proiektu-hautagai aurkeztu dira eta proiektuko kideetako ordezkariek eta artearen alorrean aditu diran Peio Aguirre komisario eta editoreak eta Elsa Oliarj-Ines zinemagile eta artistak osotutako ebaluazino-batzordeak balorau ditu.

Damaris Pan

Damaris Panen proiektu hautatuak, Derrapaje metafórico, margolaritzea dau ardatz. Funtsezko osogai bi ditu: margolaritzea, praktika espekulatibo bezela ulertuta; eta, gaur egun margotzeak daroan kontraesanak. Haren lanak, zuzeneko esperientzia eta hausnarketa kritikoa buztartuko ditu.

Damaris Pan Mallabian jaio zan 1983. urtean. Haren lana banakako erakusketetan aurkeztu da, esaterako, Oalddilal V (Museo Patio Herreriano, 2024), Male Male (Fermay, Palma, 2023), Un martillo en la cabeza (Ana Mas Projects, Bartzelona, 2022) eta Cuernos a la vista (BilbaoArte, 2020). Talde-erakusketen artean, El árbol de lo que aún no sabes (CaixaForum Barcelona, 2023) eta Bi Dos Two (Azkuna Zentroa, 2018) nabarmendu daitekez. Txina, AEB eta Alemaniako arte-egonaldietan parte hartu dau. Bestalde, 2024an margolaritzako BMW saria eskuratu eban eta 2021ean Gure Artea saria.

Gaur egun Bilbon bizi da. Jardun artistikoaz gan, irakaskuntzan be dabil, Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Ederren Fakultadeko margolaritza sailean.

Matthias Malefond

Arte-egonaldi horren barruan, Matthias Malefond sortzaileak ikerketa eta sorkuntza-proiektua proiektua egingo dau. Proiektuaren idea, etengabe eraldatzen diran oiturak errastu eta narrazino bezela ulertzea da.

Matthias Malefond Limousin eskualdeko landa-ingurunean jaio zan 2001ean. Bordeleko Arte Ederretako Eskolan bost ikasturte egin zituan. Haren lana instalakuntza, soinua eta eskulturearen artean kokatzen da, gune, gainazal eta materiaren arteko alkarrizketea sortuz. Eskulturearen ezaugarriak aztergai ditu haren jardun artistikoak.

Mugaz gaindiko kultur lankidetzea

Etxepare Euskal Institutuak sustatuta, Kometak proiektuak, Bigarren Mundu Gerran sortutako Comète sareari egiten deutso erreferentzia. Erreferentzia kulturearen eta sorkuntza artistikoaren metafora bezela erabilten da: norabide barriak seinaletako gai diran indarrak, eta sarean eta alkarlanean jardutean euren eragina biderkatu leiketeenak.

Proiektua Akitania Barria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak diruz laguntzen dau. Uharte Arte Garaikideko Zentroa eta Zébra3 erakundeen parte-hartzea dauka.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu