Euskal Herriko 400 saltokik bat egin dabe 'Zezeilaren 11 erakusleihoak' ekimenagaz

Bizkaie! 2026-02-03 08:57   Kulturea

Establezimendu bakotxak, emakume zientzialari bati eskainiko deutso erakusleihoa.

Barakaldoko Ateak denda. | Ikusi handiago | Argazki originala

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Eguna izango da zezeilaren 11n. Nazino Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu eban 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan deien bultzatzeko eta nesken bokazino zientifikoak sustatzeko. 

Egun horretarako, seigarren urtez, Zezeilaren 11 erakusleihoak ekimena jarri dau martxan Elhuyarrek eta Altsasu, Aretxabaleta, Arrasate, Barakaldo, Baztan, Bilbo, Burlata, Durango, Elgoibar, Erandio, Galdakao, Iruñea, Laudio, Legazpia, Mutiloa eta Urdulizeko 400 saltokiek hartuko dabe parte, zezeilaren 2tik 11ra.

Establezimendu bakotxak, ikusi parte hartuko dabenen zerrendea hemen, emakume zientzialari bati eskainiko deutso erakusleihoa. Zientzialariagaz lotutako ilustrazinoak eta informazinoa batzen daben horma-irudiak jarriko ditue dendan eta haren ikerketan inspirauta apainduko dabe dendako erakusleihoa. Esangura horretan, emakume zientzialarien bizitearen eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak eta emakumeek zientziari egin deutsen ekarpena zabaltzen lagunduko dabe.

Azken urteetan bezela, aurton be, 12 zientzialarien inguruko ginkana publikoan parte-hartzeko aukerea egongo da. Saltokiz saltoki, emakume protagonisten inguruko galderei online erantzunez osa leikete ginkana herritarrek. Bestalde, ekimenean parte-hartzen daben herrietako ikastetxeek papelean osotzeko bersinoa jasoko dabe, aukera izan deien ikasleekaz erakusleihoak bisitetako eta emakume zientzialariak gertuagotik ezagutzeko.

Horrezaz gan, Zezeilaren 11 erakusleihoak egitasmoan ikusgai egongo diran irudietan oinarrituta, Zientzia-emakumeak argira erakusketea atondu da zezeilean: Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Donostia, Durango, Iruñea eta Ordizian.

Ekimen hau orain sei urte sortu eban Elhuyarrek Bizilaberen barruan, hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-eskaintzearen barruan. STEAM hezkuntzearen bitartez, Elhuyar urte osoan dabil neskek zientzia eta teknologia-gaietan parte har deien bultzatzen eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen dau, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurreratzeko gazteei. Holan, emakume horreen bizitea, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukerea emoten jake gazteei, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Eguna

Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko egunerako, Elhuyarrek bat egiten dau Emakumeak Zientzian ekimenaren 10. edizinoagaz. Horretarako, alkarlanean dabil zientzia eta teknologia-ehunaren adibide garrantzitsu diran beste 33 erakunderekaz: Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), BCMaterials, Biogipuzkoa, CIC bioGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, EHU Informatika, EHU Kimika, Achucarro Basque Center for Neuroscience, Aranzadi, AZTI, Basque Artifcial Intelligence Center (BAIC), Basque Centre for Climate Change (BC3), Biofisika Institutua, CEIT, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, CIC energiGUNE, CIC nanoGUNE, Cidetec, EHUko Farmazia Fakultadea, EHUko Injinerutza Eskola Gipuzkoa, EESS Bilbao, Ikerlan, Ingeniariak Gipuzkoako Industria Ingeniarien Elkargo Ofiziala, Kutxa Fundazioa, Mondragon Unibersidadea, Euskadiko Parke Teknologikoa, POLYMAT, Tecnun - Nafarroako Unibersidadea, Tecnalia, Deustuko Unibersidadea eta Vicomtech. 

Horreek guztiek atondutako ekimenen egitaraua hemen dago ikusgai. Ekimenen artean, Uhin Ultramoreak podcastaren 4. denporaldia hasteko, zuzeneko atala atondu dabe Aquariumen EITBk eta Elhuyarrek. 

12 emakume zientzialari autortuak

Emakume zientzialari honeek omenduko ditue:

  • Jane Goodall (Londres, Erresuma Batua, 1934-2025). Primatologoa.
  • Mari Luz Guenaga Gómez (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Informatika-injinerua.
  • Ola Arafat (Gaza, Palestina, 1977). Famazialaria eta ekintzailea.
  • Marie Anne Gillan Boivin (Versailles, Frantzia, 1773-1841). Emogina eta asmatzailea.
  • Yásnaya Aguilar Gil (Ayutla Mixe, Mexiko, 1981). Hizkuntzalaria.
  • Elisabeth Rasekoala (Lagos, Nigeria, 1960). Kimika-injinerua.
  • Amaia Ortiz Barredo (Gaubea, Araba, 1965). Fitopatologoa.
  • Ruby Payne-Scott (Grafton, Australia, 1912-1981). Fisikaria.
  • Hong Wang (Guillin, Txina, 1997). Matematikaria.
  • Lourdes Herrasti Erlogorri (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1958). Historialaria eta antropologoa.
  • Rebecca Lee Crumpler (Christiana, AEB, 1831-1895). Medikua.
  • Olatz Ortega Vidales (Bilbo, Bizkaia, 1997). Ekotoxikologoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu