130 produktore Abadiñoko San Blas Azokan

Bizkaie! 2026-02-02 12:53   Kulturea

Ez da behirik eta idirik egongo, dermatosi nodular kutsakorra dala-eta.

Edurne Maguregi alkateordea eta Mikel Urrutia alkatea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bihar, hilak 3, San Blas Azokea egingo da Abadiñon. Behien artean zabaldutako dermatosi nodular kutsakorra edegitea eragotzi gura danez, ez da behirik eta idirik egongo. Halanda be, 130 produktore eta 110 abelburu izango dira. 

Gune nagusia, urtero lez, Trinketeko aparkalekuaren inguruan egongo da. Bertan, BBK-ren laguntzea jasoten dauen nekazaritza azokea egongo da. Guztira, ehun produktore inguru batuko dira: ogi eta gozogintzea (22), gaztea (14), ortuariak (5), eztia (9), danetariko produktuak (7), sagardaoa eta txakolina (5), txerriki eta okela (7), konserbak (7) eta patea (6).

Betiko lez, sari bi banatuko dira: fruta eta barazki-postu onena eta nekazaritza-azokan ondoen apaindutako postua. Gainera, 10:30ean, Euskal Herrian produziduten diran gazten probaketea egingo da azokan.
 
Txanporta plazan, barriz, artisautza azokea egongo da ikusgai. Guztira, 27 postu egongo dira berton eta larruzko eskulanak, bitxigintzea, kosmetika naturala eta modu artisauan eta jasangarrian egindako arropak egongo dira ikusgai.

Trinketearen atzealdean jarriko dira abeltzaintza-azokarako karpak eta bertoko aparkalekuan egongo da landareen gunea (mintegiak), zortzi postu hain zuzen be.​

Aurton, 110 abelburu izango dira abeltzaintza azokan, bates be, zaldiak, ardiak, ahuntzak eta astoak. Horrezaz gan, 11:00etan, euskal artzain txakurren erakustaldia egongo da.

Gaztañodi parkeak nekazaritzako makineriaren gunea hartuko dau, hiru kaletan zehar banatuko diran 12 erakuslekaz. Ganera, San Blasek burdingintzea, egurrezko tresnak eta saskigintzea eta uhalgile tradizinonal bat hartuko dituan gunea izango dau. Jakina, San Blaseko erroskilla eta opil postu tradizinonalek (20) eta talo-txosnak (8) izango dira betiko lez, Trinketeko aparkalekuan eta Ferialeku plazan.​​

Aizkolarien I. San Blas Kopea

Egunean zehar kultur eta kirol-jarduera ugari izango dira. Txanbolin Txistulari Alkarteak hasiko dau eguna. Bestalde, 12:00etan, Txaber Altube, Garikoitz Sarriugarte eta Bittor Altube bertsolariak ibiliko dira kantuan Ferialeku plazan.

Herri kirolek, barriz, proposamen barritzailea eskainiko dabe: halanda ze, aizkolarien San Blas Kopea jokatuko da. Euskal Herriko punta-puntako aizkolariek parte hartuko dabe, esaterako, Iker Vicentek eta Oihana Fernandez de Barrenak. 12:00etan izango da hori, probalekuan. Gainera, 18:00etan, zaldi probak egongo dira probalekuan.

Iluntzean, musikea izango da protagonista: Muxutruk erromeria, DJ Bull eta Dj Reimy izango dira.

Egokitzapenak egokitzapen, udal gobernu taldea gogotsu dago: San Blas Azokea egun esanguratsua da. Udal langileek, alkarteek eta boluntarioek hainbat aste daroate lanean azokea eta San Blas eguneko egitaraua atontzeko. Eusko Jaurlaritzearen neurriak errespetatuz, aurtengo azokan ez da behirik eta idirik egongo, baina, danon artean, konponbideak topau ditugu eta sekulakoa izango dala pentsetan dogu.

Udal garraio zerbitzua eskainiko da doban joan-etorriak errazteko. Autobus bi izango dira Traña-Matiena-Zelaieta ibilbidea eginez, 9:00etatik 16:00etara.

Burduntziko bildots txapelketea

Zezeilaren, XXXVI. Burruntziko bildots txapelketearen barruan, 50 bildots erreko diran ohiko bildots jana egingo da Zelaietan. 14:00etan herri bazkaria izango da Probalekuan. Urtarrilaren 30era arte emon daiteke izena eta bazkarirako txartelak (15 euro) Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan erosi ahal izango dira zezeilaren 2tik aurrera. 

Konsultau hemen egitarau osoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu