Bilboko Guggenheim Museoak 'Bilbao Insights' saileko bigarren bideoa aurkeztu dau
2020-12-14 09:43 KultureaJosé Manuel Ballester artistearen eta Petra Joos komisarioaren arteko barriketea dakar.
Guggenheim Bilbao Museoak #GuggenheimBilbaoInsights ekimen digitaleko bigarren bideoa aurkeztu dau. Museoaren Arte-ardura Sailaren gidaritzapean egindako bideo-bildumaa horretan, arte-arduradunak barriketan ibilten dira Museoaren Bilduman obraren bat daben zenbait artistagaz.
José Manuel Ballester [2020/03/15] proiektuaren aurkezpenaren harira, artista eta Petra Joos berbetan ibili dira proiektuaz beraz, baita artistearen ibilbide profesionalaren inguruko bestelako kontuez be. Topaketea Ballesterren lanak erakusgai dituan aretoan izan da; gune horretan dagoz batuta itxialdi sasoian ataratako Bilboren neurri handiko zenbait argazki eta Picassoren Guernica margolanaren bersino hustua: Guernica abiapuntu.
Artisteak beti izan ditu gogoko bakardadea eta giza presentziaren aztarnak atemoten jakezan uri hutsak eta alkarrizketa honetan kontau egiten dau zelakoa izan zan apirileko etxealdian uri hasarre haretako kaleetan ibiltea. Gogoetea egiten dau jazoera unibersalen inguruan,zelakoak diran pandemiak, gaixotasunak edo gerrak.
Alkarrizketaren amaieran, Petra Joosek eta José Manuel Ballesterrek Ezkutuko txokoak saileko beste lan batzuk be jorratu ditue. Horreetan, historian oinarrizkoak diran margolanak berrinterpretetan ditu Ballesterrek, personajeak kenduta; era horretara, esangira artistiko eta gizatiar barria hartzen dabe lanek. Bideoan adierazoten dauen legez, egia kaleidoskopikoa da, alde eta ertz ugari ditu, eta horren erakusle da artea.
Bideoa Museoaren webgunean, hemen eta sare sozialetan (YouTube, Instagram, Facebook eta Twitter) dago ikusgai.
Hona hemen hurrengo #GuggenheimBilbaoInsights bideoen programazinoa:
- 2021eko urtarrila: Ernesto Neto eta Geaninne Gutiérrez-Guimarães.
- 2021eko otsaila: Itziar Okariz eta Lucía Agirre.
- 2021eko martxoa: Esther Ferrer eta Lekha Hileman Waitoller.
Sei ikuspegi
Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradunen taldea bost komisario artistikok eta laguntzaile batek osotzen dabe eta horreetako bakotxak bere ikuspegia eta ibilbidea eskainiko deutsoz proiektuari. Hona hemen taldekideak eta Museoan beren ardurapean izan dituen azken erakusketetako batzuk:
- Lucía Agirre: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketez arduratu da, besteak beste, Olafur Eliasson (2020), Thomas Struth (2019), Marc Chagall (2018) eta Bill Viola (2017).
- Manuel Cirauqui: 2016tik da Museoko arte-arduraduna, Dia Art Foundation-etik etorri ondoren. Honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste, Jesús Rafael Soto (2019), Henri Michaux (2018), Anni Albers (2017) eta Artea eta espazioa (2017). Film & Video aretoko programazinoaren arduraduna be bada.
- Geaninne Gutiérrez-Guimaraes: 2015etik da Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna, baina New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoan dau egoitzea; Basque Artist Program koordinetan dau bertan. Lygia Clark-i (2020) buruzko erakusketearen komisarioa izan da.
- Lekha Hileman Waitoller: 2019ko urrian hasi zan Museoan lanean arte-arduradun, Chicagoko Art Institute-tik etorri ondoren. Egun, 2021erako erakusketa bi atontzen dabil.
- Petra Joos: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste, Jenny Holzer (2019), Alberto Giacometti (2018), Georg Baselitz (2017) eta Louise Bourgeois (2016).
- Marta Blavia: 2006tik da arte-arduradun laguntzailea. Besteak beste, Kandinsky (2020) eta Richard Artschwager (2019) artistei eskainitako erakusketetan ibili da laguntzaile, baita Film & Video programan be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!