Karmelo Uriarte: 'Bizipenen bat gogoratzen dodanean konturatzen naz zelan markau nauen'

Dabi Piedra 2020-12-14 07:59   Barriketan

Ederriko. Kontau behar dot liburuaren egilea.

Labayru Fundazinoaren laguntasunagaz, Karmelo Uriarte zeanuriztarrak Ederriko. Kontau behar dot liburua idatzi eta argitaratu dau, bere bizitzako gomuta, jazoera, pasadizo eta ibileren bildumea. Kontakizunok ahoz askotan esanda daukaz Karmelok, familian, lagunartean... Baina idatziz ipinteko akuilua Xabier Amuriza izan dau, eta hari narratibo bat emoten lagundu deutso.

Beobide baserrian jaioa, Arrasaten ikasle eta Batz kooperatiban behargin ibili da Karmelo. Mendizale, bertsozale, euskaltzale... be bada. Horreek guztiak eta gehiago irakurriko doguz liburuan, modu erraz, hunkigarri eta gozoan kontauta.

 

1.- Liburuaren izenburuan dinozu kontau behar dot. Nondik datortzu, ba, kontau behar hori?

Hau urteetatik datorren burutazinoa da, lagun artean beti kontau izan dodaz pasadizoak eta animau izan nabe horreek guztiak kontetako. Mundu guztiak esaten ez eustan zergaitik ez dozak kontetan?, eta hortik dator kontau behar hori.


2.- Idatziz orain plazaratu dozuz, baina aspalditik izan dozu pasadizoak kontetako jokerea lagun artean.

Beti kontau izan dodaz lagun artean eta familian, batez be, txikitako eta gaztetako kontuak. Heldutasunean eragin handia izan dabe horreek jazoera guztiek. Bizipenen bat gogoratzen dodanean konturatzen naz zelan markau nauen, orduan jazotakoak ekarri gaitue hona. Mundu honetan ahalik eta ondoen biziteko gagoz, eta iraganak badauka zeresana horretan.


3.- Biografien atalean kaleratu dau Labayruk liburua, baina ez da ohiko biografia.

Hiru belaunalditako pasarteak batzen ahalegindu naz. Lehenengo dagoz txikitako gauzak, batez be aititegaz bizi izandakoak. Gogorapen esanguratsuak dira, hartu-emon handia izan neban beragaz eta maitasun handiz tratetan ninduan. Gero, hurrengo belaunaldira pasau naz, aitagaz izandako kontuak. Bera be aitite bihurtu zan nik seme-alabak euki nebazanean. Eta hirugarren belaunaldia neurea izan da, aitite izan nazenean. Kontetan dot birlobakaz zelakoak bizi izan dodazan. Gauza batez konturatu naz hau guztia idaztean: Bizitzeak buelta asko emoten ditu, munduak egunero buelta bat emoten dauela dinoe, baina nik umetan bizi izan nebazanak gogoan hartu eta oraingoakaz konparauta, ikusi dot horrenbesteko ezbardintasunik be ez dagoala. Belaunaldiz belaunaldiko transmisino horretan ez da egon horrenbesteko aldaketarik. Zazpi urte daukaz orain nire birlobatxu nagusiak, eta askotan pentsetan dot, hau nik bizi izan neban neure aititagaz.


4.- Sasoiak asko aldatu dirala esaten da. Zuk kontrakoa igarri dozu.

Beharbada arlo materialean diferentea da, baina ingurukoakaz daukaguzan hartu-emonetan, zer esanik ez, belanaldiz belaunaldi antzekoak dira gauzak. Sentimenduei lotutakoak gordeteko jokerea dogu gizakiok.


5.- Zeanurikoa zara, Beobiden jaioa. Zelan gogoratzen dozuz umetako sasoiak?

Etxean asko ginan, neba-arrebetan hirugarrena nintzan ni, eta laugarrena jaio zanean, ama hil egin jakun. Orduan, segiduan beste ama barri bat edo amaorde bat izan neban, aita barriro ezkondu zalako, eta beste lau seme-alaba euki zituen. Zortzi izan ginan. Gogorapenak asko eta asko daukadaz, bizipen politak ziran asko, baina hasarreak eta txarto-ulertuak be bai. Liburua idazteko orduan, ikuspegi positiboari eusten ahalegindu naz.


6.- Nagusitan makina bat gauzatan ibili zara: fabrikan beharrean, bertsolaritzan, euskalgintzan... ez zara geldirik egotekoa.

Batzuetan esaten deuste eperdi-ikarea nazela, persona aktiboa izan naz beti. Nerabezaroan hasi zan nire izakerearen erreboluzinoa, eta handik aurrera hainbeste gauzatan parte hartzen hasi nintzan. Kontuan izan behar da Franco hil osteko sasoiak zirala, ez zan erraza gauzak egitea. Asko mobidu dan personea izan naz beti, bai.


7.- Xabier Amurizaren bultzadea ezinbestekoa izan da liburuak argia ikusi deian.

2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera joan nintzan, baina hankea apurtuta neukan. Amuriza zan txapeldunari txapela jantzi behar eutsana egun haretan, eta finala hasi aurretik berbetan gengozala esan eustan ia zertan pasetan neban denporea hankea apurtuta neukanetik, ni horren mobidua izanda. Orduantxe komentau neutsan neure kontu batzuk idazten hasita nengoala ordenagailuan. Berak segiduan esan eustan, hori gauza ederra izango litzatekek, hik hainbat pasarte eta kontu eukiko dozak kontetako. Han hasi zan hau historia guztiau.


8.- Ze ikutu emon deutso Amurizak zure lanari?

Bere dotoretasuna eta esperientzia emon deustaz. Nik idatzitakoa bialtzen neutsan eta berak pixka bat atontzen eban. Ganera, ze euskera eredu erabili be Xabierregaz pentsau neban. Nik bizkaieraz idatzi neban, Arratiako bizkaieraz. Hiru aukera emon eustazan berak: batuan, bizkaiera arautuan edo arratieraz. Erdibidea aukeratu genduan, bizkaiera estandarra, baina tartekatu doguz arratierazko esamoldeak eta ahozko esaldiak. Dana dala, nik ez neukan asmorik idatzitakoa argitaratzeko, pentsetan neban ingurukoei erakusteko bildumatxua izango zala, etxekoentzat. Baina Xabierrek animau ninduan argitaratzera.


9.- Labayru Fundazinora jo zenduen horretarako.

Bai, era honetako liburu bat egiteko leku aproposa begitandu jakun. Ganera, nik ezagutzen neban Adolfo [Arejita], Bertsozale Alkartean ibili nintzan sasoitik. Pandemia dala eta ez dala, itxaron egin behar izan genduan, planak atzeratu egin ziralako. Oraintxe bete da urtebete Labayrugaz hartu-emonetan hasi ginala. Hasiera baten, igazko Durangoko Azokarako egitea zan nire asmoa, baina hori arinegi zala eta gauzak lasaitasunez egiteko esan eusten Labayrukoek. Gero pandemia etorri zan eta, azkenean, gehiago ezin zala itxaron erabagi genduan, eta orain atera dogu.


10.- Amaitzeko, argazkiak aitatuko doguz, liburua irudiz horniduten ahalegin handia egin dozulako. Zelako argazkiak topauko doguz?

Biografia baten interesgarria izaten da argazki batzuk sartzea, testuan kontetan danaren ingurukoak. Lehenagoko argazkiak topetako, familiakoen eta lagunen artean ibili nintzan bila, eta kolekzinotxu bat batu genduzan. Gero, neuk aukeratu nebazan liburuan sartzeko ziranak. Gehienak zuri-baltzezkoak dira, eta horregaitik pentsau dogu liburua bera be zuri-baltzean argitaratzea, ze koloretan egitearen kostua handiagoa da eta ez dau merezidu. Argazki-oinak idazten be arreta handia ipini dot, ze hor esaten da argazki bakotxa noizkoa dan eta zertara datorren, kontaketeari aportazino ona egiten deutse argazkiek eta argazki-oinek.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu