'Bilbon hara-hona', uriko leku-izenen jatorria
2020-12-11 13:29 Euskerea berbagaiToponimoen bidez, Bilboko bitxikeriak eta historia ezagutuko ditu irakurleak.
Bilboko euskerazko leku-izenen inguruko kontuak batzen ditu Labayru Fundazinoak eta Bilboko Udalak argitaratu daben liburu barriak. Bilbon hara-hona izenburupean, uriko toponimia jorratzen daben 40 artikulu dakarz, diseinu koloretsu eta erakargarriz lagunduta. Idazle, legelari, etnografo, historialari eta bestelako adituak arduratu dira artikulu bakotxa idazteaz.
Gaur egungo Bilboko auzo eta zonalde ugariren izenak nondik datozan jakiteko azalpenak topauko ditu irakurleak liburuan: Olabeaga, Zorrotza, Begoña, Basurtu eta Masustegi, adibidez. Ganera, bilbotartasunari lotutako kontzeptu batzuen jatorria be agertzen da, botxero eta iturrigorri tartean. Liburuak garbi erakusten dau Bilboko jatorrizko toponimia gehienbat euskerazkoa dala.
Leku-izenen jatorriaren inguruko azalpen hutsa baino gehiago dira 40 artikuluok. Toponimiatik abiatuta, Bilboko historia, bitxikeriak eta datu jakingarriak topauko ditu irakurleak. Artikulu bakotxaren alboan marrazki ikusgarriak egin ditue BilbaoArteko Maria Altuna eta Leire Urbeltz sortzaileek.
Koldo Narbaiza zinegotziaren arabera, liburua arina, erraza eta atsegina da, eta zer ikasi asko eskaintzen dau. Bilbotarrentzat eurentzat be, liburuko pasarte asko harrigarriak izango dirala uste dau: Eguneroko bizimoduan ez gara guztiz konturatzen zerk inguratzen gaituen, zerk emon deutsan bizia gure Bilbo honi joandako mendeetan. Sarri, ez dogu jakiten zer dagoan auzo, kale, plaza, iturri edo monumentuen atzean.
Labayru Fundazinoaren izenean Adolfo Arejita egon da aurkezpenean. Ingurukoa hobeto ezagutzen laguntzen dauenez, liburua hezkuntzan eta aisialdian kontuan hartzeko modukoa dala dino. Material didaktikoa, erakargarria eta ulergarria da, eta gure ingurune kultural eta geografiko hurrekoenaren belaunaldien arteko transmisinoan eragin leike.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!