Aramotz, Bizkaiko ikuspegi zabal eta ederra
2020-12-11 08:57 Ibilian-ibilianBizkaiko erdigunea danez, paisajea ikusgarria da.
Ez dago urrunera joan beharrik hainbat kilometro egiteko, ezta batetik bestera joan beharrik be hainbat tontor segiduan igon ahal izateko. Askotan, inguruko mendirik garaienak izaten doguz erreferente nagusi eta herri ondoko mendiei ez deutsegu zor daben miresmena eskaintzen; halandabe, konturatzean zenbat ibilbide ezbardin egin ahal doguzan bertan, beste modu baten pentsetan hasiko gara.
Bizkaiak baditu hainbat ikuspegi eta hainbat kolore, baina bada bere bihotzean gordeten dauen mendilerro berezi bat, zein eta Aramotz edo Legarmendi. Neure aburuz, Bizkaiko ikuspegirik zabalenetako eta ederrenetako bat gordeten dauen txoko harritsu eta aniztuna, sarbide errazduna.
Bidezidorretatik abiatu ezkero, zenbatgura aukera izango doguz, 600 eta 1.000 metro inguruko mendiek osotzen dabelako mendilerroa. Horreen artean, Belatxikieta, Kañometa, Apala, Ortutxueta, Gaintzorrotz, Bernagoitiburu, Betzuenburu, Mugarra, Azkorramendi, Akatzazargana, Urtemondo, Burbilla, Aramotz, Pagotxueta, Pagobakar, Pagozelai, Artaungan, Arrietabaso, Askorri, Askurrumendi, Gorritxueta, Artieta, Atxandi, Atxandi, Pagofin, Atzoker, Artatxagan, Leungane...
Durangaldearen eta Arratiako bailarearen artean kokatzen dan mendizerreak Zornotza, Iurreta, Durango, Mañaria, Lemoa, Igorre eta Dima hartzen ditu bere barruan, aitatutako edozein herritatik erraza da mendilerroan sartzea, eta, nahi izanda be, Urkiolatik bertatik be heldu daiteke bertara mendirik mendi eginez.
Bizkaiko erdigunea dan aldetik, bertatik ikusi geinken paisajeak ikusgarritasun itzela dau, Gorbeia eta Lekanda ditualako aurrez aurre, Amurrio eta Urduñako Gorobel mendizerrea urrunera, Upo eta Mandoia bidelagun, Bilbo uria, Ganekogorta mendia eta Santurtzi aldeko Serantes mendiaren panoramika bikaina, Anbotoko mendilerroa ikusgai, Udalatxeko magia alboan, Atxarteko txoko guztiak bistan, Sollube, Oiz eta Muxikako inguruak aurrez, Bizkargi eta Arburugaz batera. Lehentxuago aitatutako Arratiako herri ederrak ahaztu barik, Lemoatx bidelagun hartuta.
Urtero, urri aldean, Aramotz mendi lasterketea antolatzen daben Zornotza Mendi Taldeko lagunek euren webgunean aitatzen daben Unai Ormaetxea zornotzarraren bertso hau ekarri nahiko neuke gogora, artikuluari amaierea emote aldera. Gozau daigun, ba, geure inguruez eta eragin daiogun buruari, ikasketetan eta lanean egiten dogun legez, bide barriak ezagutzeko aukerak bilatzen. Esplorazinoaren pasinoak ekarriko deuskulako garai gogorrei aurre egiteko gogoaren indarra.
Atzez Bilbo eta aurrez
Durangaldea zorrotz
alboetara Oiz
eta Gorbea; bi hots…
zenbat paseo eta
pasioen bihotz
hitz batean esanda
Aramotz, Aramotz;
geurea ezagutzera
geure eskutik zatoz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!